Radixu Irratiak 21 irratsaio eskainiko ditu 48 orduetan
Ondarroako irrati librearen 28. urteurren ospakizunen barruan Radixu Irratiaren 48 orduko irratsaio berezia eskainiko dute otsailaren 1etik 3ra. Barikuan hasiko dute zuzeneko emisioa 18:00etan, eta domeka 18:00ak arte, etenik ez da egongo saioz saio.
Urtero egiten duten ekimena gainera, Radixu Irratia osatzen duen lantaldeak urteurrena ospatzeko egiten dituen jardueren artean garrantzitsuena izaten da. Taldeko ordezkariek nabarmendu dutenez, kanpandorretik etenik gabeko emisioa eskaintzeko gogotsu daude. Lehen irratsaioa eskaintzen lehenak One drop sessions taldekoak izango da. Bi orduko saioa barikuan [otsailak 1] eskainiko dute, 18:00etan hasita.
21 irratsaio prestatu dituzte guztira, eta asteburuan 105.5 FM diala sintonizatzen duten entzuleek askotariko gaiez eta musika erritmoez gozatu ahalko dute. Radixuren web atariari esker, munduko edozein txokotatik ere entzuteko aukera egongo da asteburuko saio berezia, Internet bitarteko dela.
Gaur egun entzun ahal diren irratsaioak eta desagertuta daudenak (DJ Porruren ortua, KBB, Ondarruko Hooligansak, Hilbera eta SDR eta Naranja Azule, esaterako) batuta osatu dute 48 orduetako irratsaioa. Era berean, 48 orduetarako bi irratsaio berezi ere sortu dituzte: Radixuko Unplugged & Solas eta … Amaitzea guz.
Radixuko Unplugged & Solas irratsaioa domekan [otsailak 3] 10:00etatik 15:00etara eskainiko dute. Kritikal Blues, Bon Vivant eta Azken Mohikanoak irratsaioetan bere sasoian zuzenean eskeinitako saio, elkarrizketen edota disko berrien aurkezpenen aukeraketa bat eskainiko dute, “horiek denak bloke batean eskainiko ditugu”. Jon Gurrutxaga, Petti, Jose Urrejola, Aitor Cañibano (Travellin’ Brothers), Keu, Sunsunkordan, Markos Unzeta, Uther, KX (Keu Agirretxea eta Xabier Iriondo) eta beste hainbat musikari izango dira saioko protagonistak.
Bon Vivant, KBB, Naranja Azule eta Sputnik VIP saioetako kideek, bestalde, aurtengo 48 orduak agurtzeko … Amaitzea guz irratsaio berezia sortu dute. Ordubeteko saioa domekan entzuteko aukera egongo da, 17:00etatik 18:00etara.
Zapatu [otsailak 2] eguerdian, bestalde, Radixu Irratiako gazteenen saioak entzuteko aukera egongo da. “Polita da herriko gazteenak euren gauzak esaten entzutea”. 12:00etatik 17:00etara, Ganberruk FM, Famauk FM, Lotsabaikuk eta Lorituk FM saioetako esatariek ordubeteko saioak eskainiko dituzte.
- Barikua:
- 18:00-22:00: One Drop Sessions + Time To Roots.
- 22:00-00:00: DJ Porruren Ortua.
- Zapatua:
- 00:00-02:00: K.B.B.
- 02:00-04:00: Ondarruko Hooligansak.
- 04:00-06:00: Sputnik Vip.
- 06:00-09:00: Musiki.
- 09:00-12:00: Hilbehera + SDR.
- 12:00-13:00: Ganberruk FM.
- 13:00-14:00: Famauk FM.
- 14:00-15:00: Lotsabaikuk.
- 15:00-16:00: Lorituk FM.
- 16:00-17:00: Binilo Artin Galdute.
- 17:00-20:00: Terranobako Salau.
- 20:00-22:00: Leartigol.
- 22:00-00:00: Kritikal Blues.
- Domeka:
- 00:00-03:00: Kritikal Blues.
- 03:00-05:00: Bon Vivant!
- 05:00-10:00: Azken Mohikanoak.
- 10:00-15:00: Irratsaio berezia: Radixuko Unplugged & Solas.
- 15:00-17:00: Naranja Azule.
- 17:00-18:00: … Amaitzea guz.