Ibai Arantzamendi: "Jendeak espero duena baino ikuskizun politagoa izango da"
Boxeoaren zaleek hitzordu berezia edukiko dute zapatuan [otsailak 2], Markina-Xemeinen. Boxeo Gaua ospatuko da Uni frontoian. Ibai Arantzamendi markina-xemeindarrak ere parte hartuko du.
Noiz hasi zinen boxeoa egiten, eta nondik datorkizu zaletasun hau?
Boxeoan nabil gutxi gorabehera bi urte, eta aurretik urte ete erdi kick boxing egiten ibili nintzen. Egia esan, kirol mota hau egiten zuen jende gutxi ezagutzen nuen, hala ere, betidanik interesa eragin didan kirol bat izan da boxeoa, ikusmina eragiten zidan. Eta egun batean, ikasgelan nengoela, justu Manny Pacquiao eta Floyd Mayweather mundu mailako boxeolari garrantzitsuenen arteko borroka lehiatu behar zen egunean, ikaskide batek nire alturagaz boxeoan jokatu beharko nuela esan zidan. Biok elkar animatu eta izena ematea erabaki genuen. Azkenean, baina, lana zela eta, berak ezin zuen joan, eta bakarrik eman nuen izena.
Non eman zenituen lehen pausoak?
AbadiƱon. Kiroldegi baten astean bi eskola ematen zituzten, eta probatu eta sasoian jartzeko asmoz hasi nintzen parte hartzen. Hiru bat hilabetera maisuak tatamian lehiatzera animatu ninduen. Ideiak atzera botatzen ninduen apur bat, baina borrokak neurtutako kontaktuagaz izaten direnez aurrera egin nuen.
Boxeorako jauzia zelan eman zenuen?
Nik hasieratik boxeatu egin nahi nuen, baina maisuak nire garaiera aprobetxatu behar genuela esan zidan, eta kick boxinga probatzera animatu eta gustatu egin zitzaidan. Hala ere, beste era bateko lehiakortasun bat nahi nuen, ringera igotzea… Horrela, Bilbora joan nintzen boxeoan saiatzera. Boluetan izena emateko esan zidan lagun batek, bera ere bertan zebilelako, eta pila bat gustatu zait.
Zelakoa izan da aldaketa? Zerikusirik badaukate kirol biek?
Kirol bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Azken finean, kick boxingean boxeatu egiten duzu, baina hankak beste era batera erabili behar dituzu, posturak ezberdinak dira… Antzekoa da, baina beste mundu bat da.
Boxeoa praktikatzen hasi eta zenbatera hasi zinen lehian?
Kick boxingagaz bezela hiru hilabetera. Maisuak ganoraz zabiltzala ikusten bazaitu lehiaketetan parte hartzera animatzen zaitu. Antzeko mailan dabiltzan beste boxeolari batzuekin jartzen zaituzte. Apurka-apurka lehiatzen hasi behar zara ikasten joan, aurrera egiteko.
Orain arte zenbat borrokalditan parte hartu duzu?
Kick boxingen asko jota hogei bat egingo nituen. Boxeoari dagokionez, Markina-Xemeingoa laugarren borrokaldia izango da.
Zein izaten da zure entrenamendua?
Astean lau bider entrenatzen dut, eguaztenetan ez dago eta boxeoko klaserik. Horrez gain, nire kontura aritzen naiz arratsaldeetan. Mendira joaten naiz edo zirkuituak egiten ditut, pesak, aringa-aringa… Entrenatzea beharrezkoa da ring-era igotzeko, prestatuta egon behar zara. Urduri egoteak ere ez du laguntzen. Segurtasuna lortzeko, baina, borrokaldietan parte hartu behar da.
Aspaldi honetan, geroz eta entzute handiagoa hartzen ari da boxeoa?
Bizkaiko boxeolari batzuek ospea hartu dute, eta interesa berpizten ari dela dirudi. Jarraitzaile asko dituzte, eta jendea animatzen hasi da. Kirol hau ez dela noblea, zikina dela eta bakarrik jo egiten dela diote batzuek. Hori guztiori gezurra da. Gurasoek ere uste hori zeukaten hasieran, baina iritzia aldatu dute. Ni horretan ari naiz, jendea ezagutu dut, eta, alderantziz, beste kirol batzuekin alderatuta, askoz garbiagoa dela ikusi dut.
Eta Markina-Xemeinen Boxeo Gau bat antolatu duzue aspaldiko partez.
Lehen askoz borrokaldi gutxiago egiten ziren, baina jendea animatzen hasi da, eta geroz eta gehiago antolatzen hasi dira. Boxeoan gabiltzanok lehiatu ahal izateko eta ikasten joateko antolatzen dira borrokaldiak batez ere. Aurretik borrokaldiren batean ere parte hartu barik ezin zara, esate baterako, Bizkaiko Txapelketara joan. Saiakerak egin behar dituzu aurretik, borrokaldi batean ring baten gainean zelan moldatzen zaren ikusi, hobetzen joateko. Esperientzia hartzen joateko bide bat da.
Zenbat boxeolari igoko zarete Markina-Xemeingo ring gainera?
Zortzi lehia izango dira kick boxingekoak eta sei boxeokoak. Amateur mailakoa denez, bakoitzak 3 minutuko 3 borrokaldi egingo ditu. Pisu ezberdinetako boxeolariak joango dira ateratzen ringera. Bertan egunean pisaketa egiten da eta esandakotik gorago bazaude kentzen ahalegindu edo lehia bertan behera geratu daiteke. Orokorrean hori ez da izaten ohikoa boxeo amateurrean; ni baino 20 kilo gehiago dituen borrokalari bategaz lehiatu dut. Pisu astunean horrela da 91 kilotik gora tokatzen zaizuna. 62 kilotik aurrerako boxeolariak egongo dira. Lehenengo K1 eta gero boxeo erakustaldiak egongo dira.
Boxeolariak elkarte edota gimnasio ezberdinetakoak zarete?
Gehienak Bilbo aldekoak dira, baina Markina-Xemeingoak eta Durangokoak ere parte hartuko dute.Jendeak espero duena baino politagoa izango da. Nik eraman ditut boxeoa gustatzen ez zaien lagunak ikuskizun batera, eta asko gustatu zaie.
Noiz hasiko da ikuskizuna?
19:00ean emango zaio hasiera boxeo gauari, ateak , hala ere, 18:30etik zabalik egongo dira. Bi motako sarrerak daude salgai: ring-aren ondokoek 15 euro balio dituzte, eta harmailetakoek, berriz, 10 euro. Aldez aurretik edo bertan ere eskuratu ahal dira. Eskerrak eman nahi dizkiet Boxeo Gau hau antolatzen lagundu duten guztiei. Horrelako ekitaldi bat antolatzeak kostua bat dauka, eta jendearen eta Markina-Xemeingo Udalaren erantzun ona izan dugu.
Erakustaldirako gogoz zaude?
Ikasi dudan dena erakutsi eta nire herrian kirol hau zer den ezagutzera emateko ilusioa daukat.