Mutrikuko Zabiel kultur etxea berdez argiztatuko dute, minbiziaren aurkako borroka irudikatzeko
Ekimena zapatutik astelehenera bitartera egingo dute Mutrikun. Beste hainbat herritan ere herriko eraikinik adierazgarrienak argiztatuko dituzte.
Astelehenean [otsailak 4] Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, hainbat ekimen prestatu dituzte mundu mailan. Hainbat herritan eraikin adierazgarriren bat argituko dute berdez, eta, Mutrikuren kasuan, Zabiel kultur etxea argiztatuko dute berdez, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen ekimenez. “Bertan dauden argiei kolorea ipiniko diegu. Minbiziaren elkarteak kolore berdea erabiltzen du, itxaropen kolore modura, eta horregaitik aukeratu dugu kolore berdea”.
Elkarteko kideek adierazi dutenez, argiak zapatuan [otsailak 2] 18:30ean piztuko dituzte, herritarrak santa eskean daudela aprobetxatuta. “Argiak Santa Agedako koplak abesten ari diren bitartean piztuko dira”. Gaineratu dutenez, santa eskean bertsoak eurekin abestera gonbidatu dituzte herritarrak, minbizia dutenei “animoak” emateko.
Hitzordua Goiko Plazan jarri dute 18:30ean, eta handik Zabielera jaitsiko dira santa eskean dabiltzanak. ” Santa eskean dabiltzanek minbiziaren aurkako borrokari buruzko hainbat kopla abestuko dituzte, eta guk kopla horiei erantzuteko leloa ere sortuta dugu. Honakoa izango da leloa: Gaurkoa dugu minbizia/argi uzteko eguna/aurkari zaila izanagatik/irabaziko duguna“.
Sentsibilizazio kanpaina bereziari dagokionez, gaixotasunari ikusgarritasuna emateaz gain, kanpaina aurten gaixotasunaren alde emozionalean eta horrek gaixotasunean sortzen dituen eraginetan ardaztu nahi dute. Kanpainarekin, hain zuzen, herritarrei gogorarazi nahi diete Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak terapia psikologikorako doako zerbitzua duela gaixoentzat, eta baita ere horien senitartekoentzat.