Ondarroako Udala eta Aurrera hitzarmena adosten ari dira, Zaldupen hobekuntzak egiteko
Bi erakundeak Iñigo Martinez Athleticeko futbol jokalariarengatik jasotako dirua inbertitzeko hitzarmena adosten ari dira.
Ondarroako Udalaren eta Aurrera Kirol Elkartearen arteko hitzarmenaren bidez, eraikin publikoaren hobekuntza lanak nola egin adostu nahi dute. Athleticek Iñigo Martinez fitxatu eta berehala jarri zen Aurrera udalagaz harremanetan, futbol zelaiak behar dituen hobekuntzei heltzeko. “Etorkizuneko apustua da, eta ez gara presarekin ibiliko. Gauza hauek ondo egiteko denbora behar da”, agertu dute Aurrerakoek.
Lehentasunak zehazterako orduan, aspaldiko erronka bati heltzea erabaki dute: aldagelak egiteko aprobetxatuko dute. Aldagelen egoera hobetzeko, gaur egun dauden barrakoiak lekuz aldatzea proposatu dute. “Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazten ari den honetan, plan berezi bat egitea ikertzen ari dira udaleko teknikariak”.
Martinezengatik jasotako diruarekin egingo dira lanak, eta hitzarmenean jasoko denaren arabera, urtez urte itzuliko dio udalak kirol elkarteari lanen kostua. “Eraikin publikoa izatean, Ondarroako Udalak gutxiengo batzuk jarriko ditu irisgarritasun baldintzak bete daitezen. 420.000 euroko estimazioarekin kontatzen da, eta maiatzetik aurrera espero da lanak hasi ahal izatea”.