ETX Kultur Elkarteak erroskila ikastaroa antolatu du adin guztietako herritarrentzat. Gozoak egiten ikasi eta dastatzeko aukera ere egongo da.
ETX Kultur elkarteak Erroskila ikastaroa antolatu du San Blas egunaren harira. Zapatuan [otsailak 2], jubilatuen txokoan jarri dute hitzordua erroskilak eta horiek egiteko orea zelan egin ikasteko. Elkarteko bi kidek erakutsiko dutela errezeta aurreratu dute.
“Arratsaldea giro ederrean igaro nahi duen guztiak parte hartu dezake, txiki zein nagusi”, gaineratu dute elkarteko kideek. Parte hartzeko, baina, katilu bat eta plater bat eraman behar dituzte ikastarora. “Orea eginda egongo da, baina gehiago egingo dugu etxera ere eraman ahal izateko”. Erroskilak ere eramango dituzte etxera partaideek. 17:00etan hasiko da ikastaroa eta 18:00etan dastaketa egingo dute.
Ondoren, Kandelarixo ospatuko dute. Lehenago ohitura zen Etxebarrian Kandelario egunez zubia kandelaz betetzea, eta ohitura hori berreskuratuko dute aurten. 19:00ak aldera piztuko dituzte kandelak, ateri badago zubian, eta bestela, elizpean. “Orain dela bi urte kandelak egiteko ikastaroa antolatu genuen, iaz San Blas opilena, eta aurten, ikastaroagaz gain Kandelario ere ospatzea erabaki dugu”, azaldu dute.