Eguraldi txarraren eraginez, Mutrikuko Galbarioko bidea eta Lekeitioko San Juan baseliza inguruak itxi behar izan dituzte
GI-3230 errepidea gutxienez astelehenera arte (otsailak 4) egongo da itxita, eta Lekeitioko Paskual Abaroa etorbidea zabalik dago zirkulazioarentzat.
Neguak bere aurpegi zakarrena erakutsi du azken orduetan, eta euriteek eta haize ufadek kalte bat baino gehiago eragin dituzte zenbait lekutan.
Atzo goizean (otsailak 2), esaterako, Mutrikuko Galbarioko GI-3230 errepidea itxi behar izan zuten, pitzadurak zeuden lekuan lurrak behera egin ondoren. Bihar arte (otsailak 4) mantenduko dute gutxienez errepidea txita, eta orduan egingo dute egoeraren balorazio zehatzagoa Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez. “Puntu hau konpontzea aurreikusita zegoen kostaldeko bideko obrak hasi aurretik. Azken egunen izandako euriek baina, lanak hasi aurretik bidearen zati bat hondoratzea ekarri dute”.
Bestalde, Lekeitioko Santi Brouard frontoiko teilatu zati bat eroan zuen atzo haizeak, eta sortutako kalteen eraginez, kiroldegia itxi eta Paskual Abaroa etorbidearen zati bat (Kiroldegitik Talaraino) moztu behar izan zuten. “Eskerrak eman nahi dizkiegu suhiltzaileak teilatura heldu ahal izateko euren etxeetara sartzen utzi dieten herritarrei”, adierazi du sare sozialen bitartez Lekeitioko Udalak.
Suhiltzaileak San Juan baselizako teila solteak kentzen dabiltza azken orduetan, eta haize zakarrak jarraitzen duenez, baliteke teila gehiago askatzeko arriskua egotea. Beraz, segurtasunagatik, San Juan baselizako inguruak itxita jarraitzen zuen gaur (otsailak 3) eguerdian. Bestetik, Pascual Abaroa etorbidea zirkulazioari zabaldu diote gaur 11:30ak aldera. Kiroldegia eta San Juan Talako baseliza ingurua “segurtasuna bermatu” ahal denean zabalduko dituzte.