Beteranoen Esku Pilota Txapelketako azkenaurrekoak zehazten hasi dira
Pradera eta Gandiaga I gazteek ezustekoa eman dute aurten, eta finalean egoteko hautagaiak direla argi erakutsi zuten atzo ere Beraza eta Telleriari 30-23 irabazita.
Beteranoen Esku Pilota Txapelketako ligaxkaren laugarren jardunaldiak azkenaurreetako sailkapenarako lehen argipenak eman ditu. Lau partida jokatu ziren atzo [otsailak 3] Lekeitioko trinketean, eta datorren domekan jokatuko dira ligaxkako azken partidak. Erabakiorrak izango dira azkenaurrekoetarako finalistak zehazteko.
Pradera eta Gandiaga I gazteek ezustekoa eman dute aurten, eta finalean egoteko hautagaiak direla argi erakutsi zuten atzo ere Beraza eta Telleriari 30-23 irabazita. Hasieratik hartu zuten aurrea eta 9-4 eta 15 eta 11 ere joan ziren. Hala ere, Telleria markagailuari buelta emateko gai izan zen, 17-21 euren alde jartzeko. Baina Praderak eta Gandiaga I.k, eutsi egin zioten, eta azken zatian partidari buelta emateko gai izan ziren.
Bastida-Conde eta Moral-Egañaren arteko partida ere polita izan zen. Aurreko koadroetan norgehiagoka handia egon zela azpimarratu dute txapelketaren antolatzaileek. Irabazleak beti aurretik joan ziren, 15-8 eta 21-15, baina Egañak atzean aginduz eta Moralek tantuak ondo amaituz, 26-28 aurretik jarri ziren. “Condek ondo aholkatuta eta sakea berreskuratuz, Bastidak markagailuari buelta eman zion, eta puntu baliagarri bat eskuratu zuten azkenaurrekoetarako sailkatzeko”. 30-28 irabazi ziten Bastidak eta Condek.
Aurreko domekan atzeratutako partida jokatu zuten ondoren Berazak eta Telleriak eta Moralek eta Egañak. “Naiz eta irabazten hasi 2-7, Moral indar barik egon zen, eta saketan ere 5 falta egin zituen. Egañak, berriz, hainbat tanto lortu zituen eskuman dejadak eginez”. Baina ez zuten nahikoa izan, 30-17 galdu zuten, eta txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, ez dute aukerarik aurrera egiteko.
Txapelketako faboritoak garaipenagaz egin ziren, berriro ere. Astigarraga eta Gandiaga II.ak 30 eta 13 irabazi zieten erraz Jaunarena eta Fosterri. “Astigarragak tantu eder ugari egin zituen atzetik oso ondo lagunduta, eta oraingoan Jaunarena ez zen gai izan bere jokoa erakusteko. Fosterrek berriz, ondo defendatu zuen, baina Gandiagak duen ukitari ezin eutsita ibili zen”.
Hiru partida jokatuko dira datorren domekan [otsailak 10]:
- 09:30ean, Bastida-Conde/Astigarraga-Gandiaga I.
- 10:30ean, Pradera-Gandiaga I/Moral-Egaña.
- 11:30ean, jaunarena-Foster/Beraza-Telleria.
Bastida eta Conderentzat jardunaldi erabakiorra izango da azkenaurrekoetara sailkatzeko, eta Jaunarenak eta Fosterrek eta Berazak eta Telleriak ere garaipena behar dute sailkapena arriskuan ez izateko. Lehia bizia aurreikusten da beraz.