Izaro Aranburu aulestiarra hirugarren, Euskadiko txapelketan
Durango Kirol Taldeko atleta aurrean ibili zen lasterketa osoan. Lehen biengandik 6 segundotara sartu zen helmugan.
Izaro Aranburu Rementeria atleta aulestiarrak hirugarren postua eskuratu du Euskadiko kros txapelketan. Durango Kirol Taldeko atletak 13.54.00 marka egin zuen Ordiziako Oingu parkeko landetan lehiatu zen kadete mailako proban.
Aurrean ibili zen aulestiarra lasterketa osoan, baina helmuga hurreago zegoela uste izanik, azken erasoa arinegi eman zuela azaldu du Juan Ignacio Sanpedro Durango Kirol Taldeko arduradunak. Dena dela, hirugarren postuan sartu zen helmugan, aurreko atleta biengandik 6 segundotara. “Lasterketa gogorra izan zen, txingorra eta lupetza batu ziren proban, hala ere lasterketa ona egin zuen”, azpimarratu du Sanpedrok.
Gainera, lasterketan lortutako emaitza onaren ondorioz, Aranburu Sevillan lehiatuko den Espainiako Txapelketara joatea espero dute. “Euskadiko selekzioagaz joateko aukerak ditu”.
Ibon San Miguel Olabarriaga lekeitiarrak, berriz, seigarren egin zuen Euskadiko gizonezkoen senior mailako kros lasterketan. 38.23.00 denboran osatu zuen proba Durango Kirol Taldeko atletak.
Tximista. Bestalde, Tximista Atletismo Taldeko hainbat kidek ere Ordizian amaitu dute kros denboraldia. 16 urtez azpikoetan, June Markesek eta Julen Arkotxak parte hartu zuten; Arkotxa hamaikagarren sailkatu zen, eta Markes 29.ena izan zen.
23 azpikoetan aritu zen lehian Araitz Rincon, eta mutilen senior mailan, Markos Bernaolak egin zuen lasterketa.
Tximistako arduradunek korrikalariek gainditu beharreko baldintza txarrak nabarmendu dituzten: “Eguraldi gogorra izan zuten. Zirkuitua lokatz pila batekin egon zen; korrika egiteko zailtasun handiak izan zituzten, batik bat, nagusiek. Hala ere, neguko denboraldi ederra egin dute eta orain pistako lasterketak prestatzen hasiko gara”.