Aramendik eta Galletebeitiak irabazi dute Urrezko Akerbeltz Bertso Saria
Arrakastaz ospatu da aurten ere, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako bertso saio berezia. Jendez bete-bete egin zen Akerbeltz gaztetxea.
Goi mailako saioagaz gozatzeko aukera eduki zuten zapatu gauean [otsailak 2] Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxea bete zuten bertsozaleek. Izen handiko ikusentzunezko industriaren gala entzutetsuak bezala –Goyak, Oscarrak edota Zimenaldia– argi, kolore eta jantzi dotoreekin diz-diz egin zuen gaztetxeak, eta zortzi bertsolariek –Joseba Sololuze, Nahia Ibarzabal, Lander Ibarluzea Aitxulua, Ander Elortegi, Josune Aramendi, Xabat Galletebeitia, Aissa Intxausti eta Nerea Ibarzabal– izar handiak direla erakutsi zuten.
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak xehetasun guztiekin prestatu zuen Urrezko Akerbeltz Bertso Saria. Alfonbra gorria eta photocall-a aurkitu zituen sarreran publikoak, bai eta orain arte gaztetxean abestu duten bertsolarien izenak zeramatzaten Hollywood-eko izarren pasealekuko izarrak edota film ezagunetako protagonisten argazkiak ere (E.T., Jack Nicholson…). Urteroko afariari ere festa ukitua eman zioten; hala, sorbetea izan zuten mahaikideek postrerako. Eta bertso sariari oraindik ikusgarritasun gehiago emateko, oihala igo eta Metro-Goldwyn-Mayer estudioetako lehoiak orro egin zuen.
Zeregin nahikoa eduki zuten lau musikaletako –Grease, High School Musical, Mary Poppins eta Sister Act– zortzi protagonistek. Graxi Arregi eta Eneko Arrate aurkezleek aurkeztu ondoren, agurra abestu eta ariketa ugari osatu behar izan zituzten. Aurtengo gaiaren haritik, bertso ariketa asko musikatuak izan ziren, Lorea Zulaika musikariak gitarrarekin lagunduta. Eta gaiak, denetarik: martxoak 8, Gazte Eguna, Dragoi Bola, nesken futbola, ligoteoa, zinemaren egoera…
Bertsotan egiteagaz gainera, dantzatu eta antzeztu ere egin behar izan zuten, eta, azkenean, Mary Poppins musikaleko Josune Aramendik (Mary Poppins) eta Xabat Galletebeitiak (Mr. Bert) eta Sister Act filmeko Aissa Intxaustik (Sister Mary Robert) eta Nerea Ibarzabalek (Sister Mary Clarence) egin zuten aurrera. Romeo eta Julietarenak eginda heldu ziren kartzelako gaira, eta azkenean, Urrezko Akerra Josune Aramendi eta Xabat Galletebeitiarentzat izan zen. Hala ere, denentzako egon zen merezitako oroigarria. Izan ere, bertsotan ondo eta antzezpenean trebe agertu ziren bertsolariak, eta txalo zaparradagaz eskertu zien publikoak emandako erakustaldi bikaina.