Ondarroako ikastetxeek ez dute kalejirarik egingo martitzen karnabalean
Nasa kaleko lanak martxoaren 3rako amaituta egon beharko lirateke, baina egun batzuk atzeratu ahal direnez, ikastetxeek erabaki dute kalejira bertan behera laga eta zuzenean Itsasaurren batzea.
Nasa kaleko lanak printzipioz martxoaren 3rako amaitu beharko lirateke. Baina egun batzuk ere atzeratu ahal direla eta, Ondarroako Udalak ikastetxeei esan zien martitzen karnabaleko [martxoak 5] kalejiraren alternatiba bat pentsatzeko. Horren aurrean, ikastetxeek erabaki dute kalejirarik ez egitea eta zuzenean Itsasaurre plazan batu eta eguerdia musikagaz girotzea. “Gure proposamena da ikastetxe bakoitza ahal den moduan Itsasaurrera joatea, eta han denok batera musikagaz zer edo zer egitea”, esan dute ikastetxeetako ordezkariek.
Artelan kultur elkarteak ere hainbat proposamen egin dizkio udalari. Izan ere, Lantzoia kamioiaren gainean joaten da, eta Akula pasatzeko ere tartea behar izaten dute. Hala, zapatu karnabaleko [martxoak 2] kalejiran Lantzoia portutik Kantoipeko bihurguneraino joango da; han buelta eman eta Itsasaurre plazan amaituko da kalejira.
Martitzen karnabaleko ikastetxeen kalejirarako ere alternatiba pentsatuta zeukan kultur elkarteak. “Baina kalejira ikastetxeen esku dago; erabakia eurena da”.
Nasa kaleko beharrak amaitzen ez badira, Akularen hiletan ere aldaketak egongo dira; kultur elkartea alternatibak aztertzen ari da.
Aurtengoa kalejirarik egiten ez den bosgarren urtea izango da; azkena 2014an egin zen. Aurten ez modura, azken lau urteetan eguraldi txarra izan da kalejirarik ez egiteko arrazoia.