Arrakastaz ospatu da Markina-Xemeingo Boxeo Gaua
Markina-xemeindarrez gain, Durango, Bilbo eta inguruko herrietako publiko zabala batu zen, erakustaldiagaz gozatu eta parte hartzaileak animatzeko.
Markina-Xemeingo frontoiko harmailak eta ring ondoko kokalekuak ere bete zituen zapatuan [otsailak 2] Boxeo Gauak. Publikoaren erantzunagaz “oso pozik” geratu zirela jakitera eman dute antolatzaileek. “Sinestezina izan zen guretzat; amateur mailako erakustaldietan horrenbeste jende batzea ez da ohikoa izaten”.
Markina-xemeindarrez gain, Durango, Bilbo eta inguruetako publiko zabala batu zen, erakustaldiagaz gozatu eta parte hartzaileak animatzeko. Guztira hamalau borrokaldi ikusteko aukera eduki zuten. 19:00etan hasi zen ekitaldia, eta ia 23:00ak arte luzatu zen. Animorik ere ez zuten falta izan boxeolariek, bandera eta guzti agertu ziren frontoira batzuen senide eta lagunak.
Kickboxingeko zortzi borroka egon ziren lehenengo eta boxeoko beste sei, ondoren. Markina-Xemeingo Fikri Sabrik eta Ibai Arantzamendik boxeo erakustaldietan parte hartu zuten. Pisu ertainen kategorian borrokatu zuen Sabrik eta pisu astunen mailan Arantzamendik.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Ezagunak. Aurkaria kickboxingetik ezagutzen zuela azaldu du Arantzamendik. «Sei bat borroka izan genituen eta beti irabazten zidan». Oraingoan, alderantziz, boxeoan aurkitu dira, eta markina-xemeindarra izan zen garailea.
Jende hori guztia ikusita, pixka bat urduri igo zela ringera aitortu du boxeolariak. «Behin gora igota gauzak aldatu egiten dira, eta badakizu zer ikasi duzun eta zenbat entrenatu duzun». Publikoeren erantzuna eta animoak eskertu nahi izan ditu Arantzamendik. «Guretzat aurrera jarraitzeko indarrak dira».
Erakustaldiak izandako arrakasta ikusita, aurrerago beste erakustaldiren bat antolatzea ez dute baztertzen antolatzaileek. Izan ere, gero eta gehiago badira ere, amateur mailako erakustaldi gutxi egoten direla nabarmendu dute. Momentuz hilabete honetan hasiko den Bizkaiko Txapelketan parte hartuko dute herriko boxeolariek.