Burdinmendira irteera egingo dute Lea-Artibaiko eta Mutrikuko mendigozaileek
Domekan egingo dute mendi irteera, eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak, Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak eta Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak irteera bateratua egingo dute domeka honetan (otsailak 10).
Bertan parte hartzeko, baina, aldez aurretik izena emateko eskatu dute. Eguena (otsailak 7) da izena emateko azkenengo eguna. Markina-Xemeingo Alpinoko lokalean edo Loirats Mertzerian, Ondarroako Anaita tabernan edota Mutrikuko Aparra jantzi dendan izena eman behar da.
23 kilometroko ibilbidea egingo dute domekan, eta ibilbidea burutzeko bost ordu eta erdi beharko dutela aurreikusi dute. Hasteko, El Pobaleko burdinola bisitatuko dute, eta ondoren, Burdinmendiko bide berdea jarraituko dute. Hain zuzen, Galdames eta Sopuerta zeharkatu ostean, Artzentalesen amaituko dute txangoa.
Ibilaldi erraza eta desnibel gutxikoa dela azaldu dute. Hala, ibilbidea egiteko trekkingeko zapatilak eramatea gomendatu dute.
Irteera orduak. Mendi irteera egiteko 07:40an aterako dira Mutrikuko errotondatik, 07:45ean Ondarroako Astilleruko geltokitik eta 08:00etan Markina-Xemeingo autobus geltokitik.