Ilada luzea sortu da Ondarroan, Berri Txarraken sarrerak erosteko
Lehen herritarrak 09:00ak ingururako hurreratu dira Beikoziniko leihatila aurrera.
Martxoaren 18an Berri Txarrak talde nafarrak Ikusi arte agur birako kontzertua emango du Ondarroan, eta zaleen artean ikusmin handia sortu du. Sarrerak 17:00etatik aurrera egongo dira salgai, eta 09:15etik aurrera jendea zain zegoen salgai egongo diren 328 sarreratik bat lortzeko. Gainontzeko sarrerak taldeak dituen konpromisoetarako gordeko dira.
13:00ak orduko, esaterako, 80 pertsona inguru zeuden (batzuk etxetik ekarritako aulki eta guzti), eta antolatzaileek gogorarazi dutenez, pertsonako lau sarrera erosi ahalko dira bakarrik. Beikozineko arduradunek esan dutenez, sarrerak 18 euro balio ditu. “Pertsonako lau sarrera salduko dira. Horrez gain, adin txikikoentzako sarrera debekatuta egongo da, eta sarreran nortasun agiria eskatuko da”.
Kontzertuaren antolatzaileek sarrerak erosteko hainbeste jende zain ikusita, iladan daudenen izen-abizenak, NAN zenbakia eta behar duten sarrera kopurua jaso dituzte zerrenda batean. Horiei denei leihatila zabaldu orduko (17:00) emango dizkiete sarrerak. Esan dutenez, sarrera guztiak agortu dira.
Taldeak herri gehiagotan ere eskainiko du kontzertua:
- Otsailak 15: Gernika-Lumo (Astra)
- Otsailak 19: Bilbo (Kafe Antzokia)
- Otsailak 20: Bilbo (Kafe Antzokia)
- Otsailak 21: Azpeitia (San Agustin)
- Otsailak 23: Lekunberri (Frontoia)
- Otsailak 24: Ibarra (gaztetxea)
- Martxoak 9: Durango (Plateruena)
- Martxoak 10: Durango (Plateruena)
- Martxoak 18: Ondarroa (Beikozini)
- Martxoak 19: Gasteiz (Jimmy Jazz)
- Martxoak 27: Altsasu (gaztetxea)
- Apirilak 4: Hazparne (Ttattola)