Munduko Kopako hirugarren proban ere gustura ibili da Nahia Quincoces
Mendiko Eskiaren Munduko Koparen hirugarren jardunaldian zazpigarren postuan amaitu du bakarkako proba.
Mendexar eskiatzaileak Mendiko Eskiaren Munduko Koparen hirugarren jardunaldian WC Super Devoluy proba burutu du Alpeetan.
Bakarkako lasterketa eta txandakako esprint lasterketa lehiatu ditu asteburuan. Lehenengoan zazpigarren amaitu du, sprintean hamazortzigarren. “Sprintak ez dira izan sekula nire espezialitatea. Zapatuko banakakoan goruntz batez ere oso gustura, oso ondo sentitu nintzen”. Julia Morada italiarragaz eta Marian Faton suitzarragaz lehia estua izan zuen. Bosgarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuen artean. “Probako momentu batzuetan bosgarren egon nintzen. Gure artean nahiko parekatuta egon ginen; lehia polita”.
Elur asko egin ostean, euri asko egin zuela-eta, elur-jausiak sortzeko arriskua eduki zuten. Ondorioz, hasiera batean aurreikusitako ibilbidea moldatu behar izan zuten. 400 metro pasatxoko desnibel positiboa zeukan zirkuitu bati hiru buelta eman behar izan zizkieten. Hortaz, 1.300 metro inguruko desnibela gainditu behar izan zuten.
Gorantza besteak baino indartsuago ibili zela azaldu du, baina, aldaketetan eta beherantza eurak. Ordubete eta hogei minututan egin zuen, beste lasterketa batzuk baino azkarrago. “Zirkuitu bati bueltak ematerakoan, badakizu non estutu eta non lasaiago joan, norbere gaitasun edo dohainen alde onena ikusita. Ni neu indartsuago nenbilen aldapa handiagoko zatietan, eta hortxe aprobetxatu nuen atzekoei distantzia ateratzeko. Beherantza aldanik eta arinen bajatu ginen, baina, kontu handiz. Izan ere, halako leku batean jausiz gero, denpora asko galtzen da normalean”.
Domekan egin zuten sprint proba. Aldapan gorako eta oinezko zatia nahiko ondo egin zituela adierazi du, baina, beherantz zioala, atzekaldetik zetorrenak harrapatu eta eskiek elkar jo zieten. “Ia jausi egin nintzen. Ez nuen jaitsiera ona egin, eta ezin izan nintzen finalaurrekoetara sailkatu”.
Txinara begira. Munduko Kopako hurrengo proba Txinan dauka mendexarrak. Hura lehiatzeko sailkapena lortuta, proba burutzeko ilusioz beteta dago. “Aste eta erdi barru noa bertara. Hori da nire hurrengo erronka handia”. Otsailaren 20tik 22ra hiru proba egingo ditu; bana egun bakoitzean: esprinta, bakarkakoa eta bertikala.
Ondorengo hitzordua, berriz, Suitzan jokatuko duten Munduko Txapelketa izango da. Martxoaren 9tik 16ra lehiatuko du.
Aipatu bi proba horiek ondo prestatzea da orain bere helburua. Bakarkakoetan lehenengo hamarren artean egotea espero du, eta bertikaletan Andorrako emaitza berdindu edo hobetzeko asmoa dauka: “Momentuz bertikal bakarra egin dugu, bosgarren geratu nintzen, eta horixe berdindu edo hobetzeko helburua daukat. Orain Euskal Herrian ere entrenatzeko aukera izango dut, ez naiz hain urrun joan beharko elur bila. Hemendik eskiatzeko aukera edukiko dut, Aizkorri inguruan, adibidez”.