Geoparkeak bi hezegune ezagutzeko irteera egingo du asteburuan
Otsailaren 2an izaten da Hezeguneen Munduko Eguna, eta Geoparkeak egun horren harira antolatu du irteera. Parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira, Itziarko frontoitik. Doan da, baina aldez aurretik izena eman behar da.
Geoparkeko mendiko hezeguneak, bide ondoko oasi ezezagunak izenburupean egingo da irteera gidatua zapatuan (otsailak 9); azalpenak euskaraz emango dituzte. Zehaztu dutenez, Geoparkeko mendialdeko hezegune berezien balioa eta onurak ezagutzera eman eta hezeguneek duten garrantzia azaltzea dira irteeraren helburuak. Ekintza doakoa bada ere, parte hartu nahi dutenek ondoko posta elektronikora idatzi beharko dute: ingurumena@geoparkea.com.
Irteera gidatuko dutenak Ion Garin eta IƱaki Mezkita Aranzadi zientzia elkarteko kideak izango dira. “Garinek anfibioak aztertzen ditu, eta Mezkita odonatoetan aditua da”. Itziartik abiatuta, Artutzan eta Urritzuko putzuak eta bertako bioaniztasuna ezagutzeko aukera egongo dela esan dute. “Bidean beste putzu batzuk ere ikusiko dituzte”.
Irteera familia osoari zuzenduta dagoela esan dute. “Itziarren amaituko da, mokadutxo batekin. Gainera, gaztetxoentzako oparia egongo da”. Parte hartuko dutenei ura eta oinetako eta arropa egokiak eramateko gomendioa egin diete.
Hezeguneen Munduko Egunaren aurtengo leloa Hezeguneak eta klima aldaketak da. “Hain zuzen ere, hezeguneak ezinbesteko ekosistemak dira berotegi-efektuko gasen igorpenak egonkortzeko eta klima aldaketaren eragina murrizteko”. Barnealdeko zenbait hezegunetan atmosferara igorritako karbonoaren %30 biltzen dela diote, zohikaztegietan esaterako. “Kopuru hori munduko baso guztietan baino bi aldiz handiagoa da. Hezeguneak karbono hustulekurik eraginkorrenak dira”.
Azken 50 urteetan munduko hezguneen %35 galdu egin direla azaldu dute Geoparkeko arduradunek. “Sarri idortuta edo erreta, nekazaritzan erabiltzeko edo azpiegiturak eraikitzeko. Horrek eragiten du mendeetan pilatu duten karbonoa atmosferara isurtzea”.