Lanak amaituta, proba fasean da Aulestiko araztegia
Ur zikinak jasotzen ari da, baina, zerbitzua martxan jartzeko fasean dagoela adierazi dute Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoko arduradunek.
Aulestiko ur zikinei tratamendu biologikoa egokia eman, eta Lea errekara ur garbia heltzea ahalbidetuko duen araztegiko lanak amaituta daude. Hala, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, gaur gaurkoz zerbitzua martxan jartzeko fasean dago. Hau da, herriko ur zikinak jasotzen ari da dagoeneko, baina, probak egiten ariko dira martxora arte.
Solaguren auzoan eraiki duten araztegiak 700 biztanleren ur zikinak hartzeko gaitasuna dauka.
Saneamendu sarea kolektorera konektatu dute, eta handik ponpatze estazioara heltzen dira ur zikinak; sei litro segundoko jasotzeko gaitasuna duten bi ponpa ditu. Aurre tratamendu fasean koipegabetu eta hareak kendu ostean, araztegian tratamendu biologikoa jasotzen dute. Bi biodiskorekin, besteak beste, urei nitrogenoa eta fosforoa kentzea ahalbidetzen du. Araztegia eraiki aurretik, batez besteko emaria 1,51 litro/segundokoa izen, orain, ostera, 2,92 litro/segundokoa da.
Hala, usainak kentzeko neurriak betetzen ditu. Izan ere, 24,78m x 13,20mko eraikin estalia da–egurrez egindako diseinua dauka araztegiak– eta puntu nagusietan itxiera edo estaldura maila bikoitza dauaka usainak ekiditeko. Ekipamendu elektrikoa urruneko kontrolagaz bideratzeko prestatuta dago.
Ferrovial Agroman eta Cadagua Aldi Baterako Enpresa Elkarteak egin ditu lanak. Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak 2.461.613, 14 euroko inbertsioa egin du, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru publikotik.