Lekeition 4.000 kilo janari batu ditu Sahelak
Markina-Xemeinen otsailaren 15era arte batuko dituzte herritarren ekarpenak.
Beste urte batez, Lea-Artibaiko Sahela Elkarteak elikagaiak biltzen ari da Saharara bidaltzeko. Lekeition bilketa amaitu berri dute, eta arduradunek esan dutenez, 4.000 bat kilo janari batzea lortu dute aurten, eta kaxetan sartu dituzte (Amorotoko Erabil enpresak doan ematen dizkiete kartoiak). Hilaren 19an bidaliko dituzte Erandiora, kontainerretan sartzeko. Hain zuzen, orain dela laupabost urte egin modura, 2020 eskualdetik trailer bat bidaltzeko helburua dutela azpimarratu dute: “Trailer edo kontainer handi bat bidali nahi genuke. Horrela janariaz gain, beste hainbat gauza bidaltzeko aukera izango genuke. Esaterako, eskola materiala, sendagaiak edota sukalde oso bat bidali genituen orduan. Guztira 14 tona bidali genituen”.
Gehienbat gosarirako elikagaiak eskatu dituzten aurten: esnea, esne hautsa, kakao hautsa, gailetak… Izan ere, azken hiru urteotan, bildutako kopuruaren parte bat Daglako eskolara bidaltzen dute bertako umeek gosaltu ahal izateko. Lekeitioko arduradunek esan dutenez, saltokietan batutakoz gain, norbanakoek eta kuadrillek emandakoa izan da bildutako kopuru handiena.
Atuna eta sardinak oliotan, azukrea, arroza, pasta, dilistak, konpresak… jasotzen dituzte urtero, eta eskualdeko herritarrek euren elkartasuna agerian uzten dute.
Ispasterren udalak bultzatzen du bilketa, eta domekan (otsailak 3) bukatu zuten kanpaina. Astean bi egunetan IƱigo Egiluz aretoan eta domeketan elizan aritu dira herritarren ekarpenak jasotzen, eta janariaz gain, mantak eta neguko arropak (batez ere umeentzakoa arropak) bildu dituzte.
“Janari asko” batu dutela, eta udalerriko bizilagunek “borondate handia” erakutsi dutela azaldu dute bilketa lanetan aritu direnek, eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete. Orain batutako dena kaxetan sartu, eta Lekeitiora eroango dute, handik dena batera bidaltzeko.
Markina-Xemeinen, berriz, astelehenean (otsailak 4) hasi ziren, eta otsailaren 15a arte (barikua) ari dira janariak biltzen. Ikastetxeetan zein hainbat saltokitan jasotzen dituzte.
Sahararen aldeko XV. Elkartasun Karabana martxoaren 2an abiatuko da Laudiotik Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamendura.
Aljeriako kanpamenduetan 185.000 saharar bizi dira errefuxiatuta. Elikagaiak, sendagaiak eta eskoletarako altzairuak eramango dizkiete, eta materiala biltzen ari dira Euskal Herriko hainbat udalerritan. Horrez gain, dirua ere batu beharko dutela zehaztu zuten kanpainaren aurkezpenean, produktu horiek guztiak haraino eramateko erabiliko dituzten hamaika ibilgailuak erosteko.