Mutrikuko Udalak Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa abiarazi du
Lanak apirilaren 8rako aurkeztu behar dira, posta arruntez udaletxera bidalita (kultura batzordera) edo posta elektronikoz
Mutrikuko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatutako Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu. Hori bai, lan guztiak euskaraz idatzita egon behar dira, eta beste inon argitaratu ez direnak izan behar dira. Mikroipuin bakoitzak gehienez ere 100 hitz eduki beharko ditu; gaia librea da.
Guztira hiru sari banatuko dituzte:
- 18 urtetik gorakoen lan onena: 500 euro
- Mutrikuarren arteko lan onena: 200 euro
- Gazteen arteko lan onena (18 urtetik beherakoen artean): 200 euro
Lanak apirilaren 8rako aurkeztu beharko dira, eta egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko duela esan dute. Lanak aurkezteko bi modu daude:
- Posta arruntez: Mutrikuko Udala – Kultura batzordea (Txurruka plaza, z/g. 20830, Mutriku). Idazlanak izenburua eta egilearen ezizena izango ditu agerian; ezin izango da egilearen izenik aipatu. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi baten barruan, idazlanaren izenburua eta ezizenarekin batera, egilearen datu pertsonalak agertu beharko dira: izen-abizenak, adina, helbidea, posta elektronikoa, telefono zenbakia, sinadura eta nortasun agiriaren fotokopia.
- Posta elektronikoz (kultura@mutriku.net): Bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi beharko zaizkio: idazlana (goitizenez sinatuta) eta egilearen datu guztien fitxa, nortasun agiriaren kopia barne.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak izendatuko du eta hartzen duen erabakia aldaezina izango da. “Aurkeztutako lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe gera litezke”. Lan sarituak argitaratzeko eskubidea udalarena izango da, egileen izenak aipatuta beti ere.