Xabier Txakartegi Lekeitioko alkate ohia zendu da
Demokrazia garaiko Lekeitioko lehen alkate izan zen. 12 urtez izan zen alkate 1979tik 1987ra eta 1995etik 1999ra.
Xabier Txakartegi Zendoia demokrazia garaiko Lekeitioko lehen alkatea agurtuko dute bihar [otsailak 7], lekeitiarrek. Gaur [otsailak 6] zendu da Txakartegi, 77 urtegaz, eta bere hileta elizkizuna bihar, 19:00etan, izango da. Arratsaldean azken agurra emateko aukera ere edukiko dute herritarrek udaletxeko osoko bilkura aretoan. 16:00etatik 18:30era egongo da bertan.
Xabier Txakartegi demokrazia garaiko Lekeitioko lehen alkate izan zen. 12 urtez izan zen alkate, 1979tik 1987ra eta 1995etik 1999ra. Horrez gain, Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakari ere izan zen, 1993tik 1998ra bitartean. Baina politikagintzaz gain herrigintzan ere jarri ditu arima eta bihotza. Esku Pilota Taldeko sortzaile, Gora Buru Kultur Elkarteko kide, Eliz Koruko partaide, Marijesi taldeko eta Kilin Kala abesbatzako abeslari eta azken urteetan Lekeitioko Bizi Iturri odol emaileen elkarteko lehendakari modura aritu izan da, beti eta beti ere gogoa eta ilusioa nagusi izan dituelarik.
Alkate ohiaren sendiari eta gertukoei doluminak helarazi dizkiete Lekeitioko Udala osatzen duten ordezkari politiko eta langileek. «Pertsona dinamikoa izan da beti, ez bakarrik politikan bai eta herrigintzan ere. Gizarte arloan eta kirol mailan ere erreferente izan da, pena bat da horrelako pertsona bat galtzea» adierazi du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. Batzar Nagusietan ere batzarkide modura egon zela gogora ekarri du Goitiak. «Alor asko jo ditu, eta azkenera arte ekintzaile mantendu da».
Bere bizitzan erakutsi duen ekintzaile izate hori azpimarratu dute bai eta ere EH Bilduko ordezkariek. «Xabier Txakartegi lehenako garaietako politikari, gizon eta pertsona zen. Sinismen osoa zeukan egiten zuenaz, eta ez zeukan ezelako interes pertsonalik horretan», azaldu du Andoni Seijo koalizioko kideak. Era berean, berba egiteko moduko pertsona izan dela azpimarratu du. «Entzuten ere bazekien, sakon entzuten, eta ulerkorra zen». Politikagintzan Jaione Murelaga alkate izan zenean bat egin zuen Seijok Txakartegigaz, eta proiektu politiko erabat ezberdinak defendatzen zituzten arren, harreman ona eduki zutela aitatu du. «Beti zintzo ikusten nuen, interes altruista handiagaz eta interes materialistetatik urrun». Herrigintzan ere asko erakutsi duela gaineratu du Seijok. «Hor egon da beti, pilota taldean edota odol emaileen taldean ere bai. Gizon zabala, herritarra eta hurbila. Zintzotasun osotik diot, eta ez topikoetatik».
Berezia. Hutsune handia utziko du Txakartegik Gora Buru Kultur Elkartean ere. Elkartea sortu zenetik izan da kide, baina Euskal Ezkontzak 36ko gerra sasoian irten zuenean eta 36ko gerra ostean, Resurreccion Maria de Azkuri omenaldia egin ziotenean ere tartean egon zela gogoratu dute. «Herriko momentu esanguratsu askotan egon eta parte hartu du; bere falta sumatuko dugu».
Pena handia hartu dute herriko esku pilota taldean ere. Omenaldia prestatzen ari ziren, baina ez dute gauzatzerik eduki. Azaldu dutenez, urteetan eskolak Txakartegi bazkide zen Kale Arte elkarte kultural eta gastronomikoaren izena eduki zuen. «Behar asko egin duen gizona izan dugu, pilotazale amorratua. Auzoz auzo eta inguruko herrietan ere ibili zen umeak pilotara erakartzen, Asentzio Laka eta Andoni Badiolagaz batera», argitu du Olatz Erdozia Akarregi Pilota Elkartekoak.
Herriarteko txapelketa bi irabazi ditu Lekeitiok, biak Txakartegiren garaian, baina eskolako sortzaile eta lehendakari baino gehiago bigarren aita bat izan da Lekeitioko pilotazale askorentzat. «Zapatu domekero kotxea hartu eta herriz herri bizi zati handi bat eman du pilota mundurako, eta beste hainbat arlotan ere bai» dio Andoni Badiola Txakartegiren ikasle izan zenak.
Inorentzako berba txarrik ez zeukan gizona, beti oso zuzena, beti laguntzeko prest. Hitz horiekin deskribatu dute Xabier Txakartegi ingurukoek. «Laguna, aita, alkatea, denentzako zeukan pertsona, berezia. Pertsona gutxi daude horrelakoak; haren falta igarriko da”.