Kalean da Nabil talde lekeitiarraren bosgarren diskoa: 'Eter'
Kolaborazio askogaz, taldeak aurreko lau diskoetako abestiak birgrabatu ditu. Diska bakoitzetik 3 abesti hartu dituzte. Hala, 12 abestik osatzen dute 'Eter'. Diskoa Lekeition aurkeztuko dute otsailaren 16an, 19:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan.

“Aristotelesen esanetan naturan ba omen zen Eter izeneko bosgarren elementua. Espazioaren materia, beste laurak biltzen dituena. Hori da hain zuzen ere bosgarren lan hau”. Horrelantxerik aurkeztu du Nabil taldeak bosgarren diskoa. Ondokoak dira taldeko kideak: Unai Egia (gitarra eta ahotsa), Iraun Urkaregi (gitarra), David Figueiras (baxua) eta Fernan Patxeko (bateria). Lekeition otsailaren 16an egingo dute aurkezpena, 19:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan.
Zehaztu dutenez, aurreko diskoetako abestiak hartu eta kolaborazio ezberdinekin birgrabatu egin dituzte. “Diska bakoitzetik hiru abesti hartu ditugu. Hala, 12 abestiz osatutako lana da Eter“. Guztira, 18 musikariren laguntza eduki dute lan berria birgrabatzerakoan.
Abestiak birgrabatu badituzte ere, kantu bakoitzaren arima bere horretan mantendu dutela esan dute. “Abestiei 180 graduko bira eman diegu”. Eter-ek askotariko musika estiloak biltzen dituela gaineratu dute: rock, bossa nova, folk, metal, elektronika… Horrez gain, grabatutako estudioko saioak, bakarkako kantuak, home estudio grabaketak eta estudio profesionaleko grabazioak ere bildu dituzte. “Modu horretan, abesti bakoitzak soinu bat, momentu bat, sentimendu bat gordetzen du”.
Bosgarren diskoa Amorotoko Musikorta estudioan grabatu dute, eta lehenengo abestiaren bideoklipa ere ikusgai dago (Enarek diote):
Nabil taldea 2007an jaio zen, Bere begiei diskoarekin. Lehenengo lan hori Unai Egiaren esperimentua izan zela eta naturaren Ura elementuaz jantzitakoa zela diote. Atzetik argitaratu zituzten Egunsenti bat lez (2010, lurra), Oroimenen mosaikoa (2013, airea) eta Ordu kiskaliak (2015, sua).
Kolaborazioak. Eter-en kolaboratu duten musikariak: Keu Agirretxea (gitarra), Jon Basaguren (Izaki Gardenak –ahotsa–), Haritz Lete (Cobra, Kokein –ahotsa–), Miguel Laguna (Aiumeen Basoa –gitarra–), Markel Aboitiz (Mitosia –bateria–), Kapi (OST, Porco Bravo –gitarra–), Sara Zendoia (Pink Champagne on Ice –ahotsa–), Jabi Patxon (ahotsa eta pianoa), Kana (Ileon –ahotsa–), Eneko Muniozguren (Didar –bateria–), Mikel Breixo (Gatz –bateria–), Eolo Andino (Sustrajah Band –saxoa–), Ander Marino (Sustrajah Band –bateria eta perkusioa–), Martxul (Haustura –bateria–), Patxeko (bateria), Toki (perkusioa), Xabier Iturraspe (gozo-txirula) eta Iñaki Alonso (baxua).