Lea-Artibaiko 32 batelek parte hartuko dute Bizkaiko Batel Ligako lehen jardunaldian
Bizkaiko Batel Ligako lehen jardunaldian parte hartuko dute Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariek. Norgehiagoka domekan [otsailak 10] jokatuko da Sestaoko Benedicta eremuan, 10:30ean hasita.
Eskualdeko arraunlariak prest daude Bizkaiko Batel ligari hasiera emateko. Bizkaiko Arraun Federakuntzak jakitera eman duenez, lehen jardunaldian Bizkaiko arraun klubetako 100 bat bateleko parte hartzea espero dute bertan, eta horien artean bertoko arraunlariek ordezkaritza zabala izango dute. Zerrenda horretatik 19 batel Ondarroakoak izango dira eta 13 Lekeitiokoak.
Lehiari dagokionez, maila bakoitzari egokitutako ibilbidea egin beharko dute kategoria bakoitzeko arraunlariek. Egin beharreko lana honakoa izango da: Alebinek luze bat egin beharko dute 500 metroko estropada eremuan, haur mailakoek bi luze eta ziaboga bat 1.000 metroko estropada eremuan, kadete mailakoek hiru luze eta bi ziaboga 1.500 metroko estropada eremuan, eta gazte eta absoluto mailan 2.000 metroko estropada eremua izango dute, lau luze eta hiru ziaboga egiteko.
Gipuzkoako batel liga ere habian dago. Domekan, 5. jardunaldia jokatuko dute Pasai San Pedron, 10:30etik aurrera. Mutrikuk ere ordezkaritza edukiko du, gazte mailako nesken batel batekin.