Ondarroako Errenteria auzoko zubia itxita dago ibilgailuentzat
Zubia egoera txarrean zegoela ziurtatu ostean, udalak zirkulazioarentzat ixtea erabaki zuen abenduan, bertatik igarotzen direnen segurtasuna bermatzeko. Sarreretan harri trabagarriak daude ipinita, ibilgailuen igarotzea eragozteko.
Zubiaren egiturak kalte garrantzitsuak ditu. Behegaineko hormigoia hautsita dago, eta erdiko habeko azpialdeko egitura metalikoa zatika erortzen ari da. Eta ziurtasunez kaltea zein den ikusi ezin bada ere, habeak erdi erortzen izateak egituraren erresistentzia gutxitzen duela dio txosten teknikoak. Egonkortasuna eta erabilgarritasuna bermatzen duten ikerketa teknikorik egiten ez den bitartean, zubia ibilgailuentzat itxita jarraitu beharko lukela dio txostenak.
Oinezkoak igaro badaitezke ere, txosten teknikoak ez dela gomendagarria dio. Horretarako baranda konpondu behar litzateke. Udalak baranda konpontzea agindu du, eta solte zegoen zatia egonkortu badute ere, beste hainbat tokitan ez da zubiko behegaineraino ailegatzen.
Auzotarrek zubia behar-beharrezkoa dutela nabarmendu dute. Izan ere, auzoko auto, traktore eta bizilagunek egunero gurutzatzen dute zubia.
Egunerokoan eragin nabarmena. Askok zubiaren beste aldean lurrak dituzte, eta horrek egunerekoan eragin nabarmena du. Belarra moztu edo lurra lantzeko erabiltzen dituzten traktoreekin ezin dira bertatik igaro, eta metro batzuk haratzago dauden lurretara joateko, saihesbidetik egin behar dute buelta osoa, horrek dakarren arriskuagaz.
Zubia itxi orduko auzotarrak haserre joan ziren udalera, aurretiaz ez zietelako zubia ixtera zihoazela jakinarazi. “Inori ezer jakinarai barik, zubia zarratu zuten udal langileek”. Auzotarrek udalera jo zuten argibide eske. Izan ere, gaiari buruz jakinaren gainean ez ipintzea txarto iruditu zitzaien. «Jakinarazpena zubia itxi eta hilabetera ailegatu zen, eta hori ere, guk eskatuta. Alkateak auzotarrak jakinaren gainean ez ipintzea txarto egin zuela aitortu zigun».
Auzotarrek 20 urte baino gehiago daramate zubia konpontzeko eskatzen
Zunbeltz Bedialauneta alkateak agertu duenez, barkamena eskatu zien auzotarrei, “jakinarazpena bidalita zegoela uste genuen zubia itxi aurretik. Arrazoi guztiagaz haserre etorri ziren”.
Orduz geroztik, hainbat aldiz batzartu dira udal teknikari eta gobernuko kideekin. Auzotarrak jakitun daude zubia egoera oso txarrean dagoela. 20 urte baino gehiago daramate zubia konpontzeko eskatzen, baina arazoari ahal den eperik laburrenean irtenbide bat emateko eskatu dute. «Momentuz itxurarik ere ez diogu hartzen zubia noiz konponduko duten».
Zubia baina, ez da auzotarren kezka bakarra. Auzoak uholde arrisku handia du, eta hori saihesteko Artibai ibaia dragatzea beharrezkoa dela diote. Errekaren ur maila mareen menpe dago, eta euri asko eginez gero, uraren maila nabarmen igotzen da. “Egoera horren aurrean neurriak hartzeko sarritan eskatu badugu ere, ez dugu erantzunik eduki; alderantziz, kalterako lanak egin dituzte. Errekaren eskuinaldean zuhaitz berriak landutu dituzte, eta gure ustez, arboladi hori handitzen denean presa efektua eragingo du uholdeetan, uraren maila igotzeko arriskua gehituz”.
Uholdeak saihesteko lurrak doantzan ere emango lituzketela esan dute auzotarrek, beti ere arazoa murriztuko balitz.
URAren konpetentzia. Zubia erabilgarria izateko eraberritze lanak egin beharko dira, baina zubiaren konpetentzia URArena dela agertu du udalak. URAko teknikoekin batzar bat eskatzen ari da, eta ahaleginak egin badituzte ere oraindik ez dute erantzunik eduki.
Alkateak agertu duenez, udalak zubia konpondu nahi du, baina URAren baimenik gabe ezin du horrelakorik egin. “Dagoen zubia kendu, eta 50 metro gorago beste bat egin beharko litzatekeela diote, gunea urak hartzeko arriskua dagoelako. Lanean ari gara, baina URAk baldintzatuta gaude. Ez digute lanak osotasunean gure kabuz egiten uzten, euren menpe dago erabakia. Baimena emanez gero, zubia konpontzeko lanak egitek prest gaude”.