Ondarroako kukaña aurreko gunea zabalduko dute aparkatzeko
11 leku egokitu dituzte kukaña aurrean, eta erabilgarri egongo dira barikutik aurrera.
Duela gutxi berriztu dituzte Astilleru inguruak. Hobetze lanei esker, besteak beste, eta irisgarritasuna bermatze aldera, behegaina maila berean jarri zuten kukaña parean, aisialdirako gune berri bat sortuz. Udalak gune hori plaza modura erabiltzeko asmoa zuen, baina herrian dagoen aparkaleku eskasia kontuan hartuta, tarte hori ere aparkaleku modura egokitzea erabaki dute behin-behinean. Lanak amaitu zirenez geroztik piboteekin itxita egon den eremua bihar [otsailak 8] zabalduko dute.
Hain zuzen ere, egunotan egokitu dituzte ibilgailuak aparkatu ahal izateko 11 lekuak. Atzo [otsailak 6], berriz, piboteak kendu eta lehen zeuden toki berean ipini zituzten gunea zabaltzeko. Datorren astean, berriz, kirol ontzien portu parean dauden aparkalekuak margotuko dituzte.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak agertu duenez, kukaña aurreko gunea hasiera batean plaza modura erabiltzeko asmoa zuten. “Baina herrian aparkatzeko arazoak ditugula ikusita ireki egingo dugu, auzotarren eta herritarren eskariz”.
Hori bai, kukaña aurreko aparkaleku gune hori neguan bakarrik egongo da erabilgarri. Uda sasoian gune hori aisialdirako erabili beharko litzatekeela dio udalak, eta, hortaz, ixteko asmoa agertu dute hondartza denboraldian (ekainaren 1etik irailaren 30era). “Sasoi horretan herriko eta kanpotik etorritako umeak kukañatik edo zubitik saltoka ibiltzeko batzen dira. Lehen auto artean ibili behar izan zuten, eta gunea egokitu ondoren ez zitzaigun bidezkoa iruditzen dena berriz ibilgailuz betetzea”.
Alkateak aurreratu duenez, bestalde, plaza berriaren gunean dutxa bat ipintzeko asmoa ere badute. Dutxa hori uda sasoian egongo litzateke erabilgarri, Artibai ibaian ibiltzen direnei zerbitzua emateko.