Ondarroako Lanbideren bulegoa erasotu dute
Ondarroako Ernaik bere gain hartu du erasoa. Prekarietateari ateak itxi! dinamikaren barruan egin dute ekintza.
Gaur [otsailak 9] goizean Ondarroako Lanbideren bulegoa horiz margotuta eta zintagaz itxita agertu da. Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailearen kideek agertu dutenez,” kolektiboki alarmak piztu eta prekarietateari ateak ixtea” dagokie. Lanbide prekarizazioaren puntu beltz modura markatzea erabaki dute ekintzagaz. “Lana bermatzeko instrumentu bat izatetik at, gune oso prekariotzat jotzen dugu”. Lanbide gune prekario arriskutsutzat jotzen dutela azpimarratu dute.
Ondarroako Ernaiko kideen iritziz, Euskal Herriko sistema kapitalistaren estrukturalizazioa bermatzeko beharrezko zatia da Lanbide. “Euskal burgesiaren botere hegemonikoa mantentze aldera, gazte eta langileriaren zapalkuntza bidez lan indar merkea bermatzen dio Lanbidek euskal burgesiari, gazte eta langileok zabor kontratuetara eta prekarietatera kondenatuz”.
Ekintzagaz, gainera, otsailaren 16an Bilbon egingo den manifestazi nazionalean parte hartzeko deia egin nahi izan dute, “prekarizazio honen zein egunerokotasunean gazteoi sistema kapitalistak ezarritako prekarizazioa apurtzen jarraitzeko”. Hitzordua Euskadi Plazan jarri dute 17:30ean. “Patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazioanala. Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu, eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko”.