Greba Feministara begira ekintzak zehazten ari dira Lea-Artibai eta Mutrikun
Hilabete baino gutxiago falta da Euskal Herriak Greba Feminista berri bat bizitzeko. Herriz herri Greba Feminista antolatzeko lanetan murgilduta jarraitzen dute Lea-Artibai eta Mutrikun.
Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, egun osoko Greba Feminista deitu dute aurtengo Martxoaren 8rako. Greba antolatzeko asanblada irekiak egin dituzte azken egunotan Lea-Artibaiko eta Mutrikuko mugimendu feministetako kideek.
Martxoaren 8an kapitalismo heteropatriarkalari planto egin nahi diote, eta horretarako, emakumeak kaleak hartzera deitu dituzte. Egingo dituzten ekintzak eta mobilizazioak lantzen ari dira, greba egun osoan kalera irtetzeko eta gaiari ikusgarritasuna emateko.
Ondarroan, esaterako, zapatu [otsailak 9] goizean Etxelilan batu ziren Ondarroako Mugimendu Feministako hainbat kide. Goizerako zein arratsalderako hainbat ekimen antolatu dituzte, eta horiek ondo zehazten joateko bertan batutakoen ekarpenak eta iritziak jaso zituzten. Herriz herri egingo diren mobilizazioez gain, eskualde mailako mobilizazio erraldoia ere egingo dute Lea-Artibai eskualdean.
Gogorarazi dutenez, greba feministaren atxikimendu kanpaina ere zabalik dago. Nahi duenak argazkia atera eta sareetara igotzeko aukera edukiko duela agertu dute.