Mikel Iriondo ondarrutarrak zazpi domina irabazi ditu Espainiako Master Txapelketan
Igerilari ondarrutarrak parte hartu duen proba guztietan egin du podiuma. Urrezko domina bat, zilarrezko lau domina eta brontzezko bi domina eskuratu ditu.
Getxoko Igeriketa Bolue Kirol Elkarteko igerilari ondarrutarrakĀ otsailaren 7tik 10era Pontevedran (Galizia) jokatu den 25. Neguko Espainiako Master Txapelketan parte hartu du. Mikel Iriondok zazpi probatan parte hartu du; bakarkako lau probatan eta taldeko hiru probatan.
Bakarkako probei dagokienez, hiru zilarrezko domina eta brontzezko bat irabazi ditu 40 urtetik gorako kategorian. 200 metro bizkar estiloko lasterketan, esaterako, bigarren postua lortu du (2.14,27); 15 ehunekogatik ez du urrea lortu. 100 metro estilo (1.02,62) eta 50 metro bizkar (28,66) lasterketan ere bigarren egin du. 100 metro bizkar lasterketan, berriz, hirugarren egin du (1.02,16).
Erreleboetan, ostera, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina banagaz bueltatu da igerilari ondarrutarra. Estilo mistoetan lortu du emaitzarik onena (1.56,63). 4×50 metro crawl bigarren (1.40,44) eta 4×50 metro estilo lasterketa hirugarren (1.51,08) postuan amaitu du.