Ondarroan estreinatuko dute 'Butterfly' telesaila
Euskal Telebistak telesailaren lehen denboraldiaren eskubideak erosi ditu, eta denboraldia osorik emango dute Ondarroan, esklusiban.
ETBren bigarren kateak zapatu [otsailak 16] gauean estreinatuko du telebistan Butterfly britainiar mini telesail dramatikoa. 22:00etatik aurrera emango dute lehen atala. Aurretik baina mini telesailaren hiru atalak Bide Onera zineman emango dituzte 20:00etatik aurrera. Telebista kateko arduradunek esan dutenez, sarrera doakoa izango da.
Barikuan [otsailak 15] urtebete beteko da Ekai Lersundi gazte ondarrutarren heriotza gertatu zenetik. Eta otsailaren 16an hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ondarroan, Ekai gogoratzeko. Telesailaren emanaldia, hain zuzen ere, Ondarroan urteurren ekitaldia egingo dutela aprobetxatuaz egingo dute. Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteak antolatuta, besteak beste, I. Urteurren Omenaldia egingo dute Itsasaurre Plazan 12:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, berriz, bestelako ekitaldia egingo dute Beikozinin, 16:30etik 20:00etara.
Telesailari dagokionez, 11 urteko Maxine neskato transexualari eta haren familiari buruzko istoria kontatzen du.