Egunotan hasiko dira Ondarroako portuko dragatze lanak
Kontrakorik gerta ezean, lanak bihar [otsailak 13] bertan hastea espero dute Portu Zuzendaritzako arduradunek. Aurreikuspenak betetzen badira, lanak maiatza bukatu orduko amaituko dituzte.

Dragatze lanei dagokienez, Artibai ibaia eta portuko sarrerako ibai ahoa dragatuko dituzte datozen hilabeteetan. Itsasoaren gorabeheren eraginez, hondar asko pilatzen da hondartzako muturraren parean, eta horrek zenbait itsasontziri hondoa jotzea eragiten diete. Sakonera handia duten itsasontzi askok marea igotzeko zain egon behar izaten dute porturatu ahal izateko. Lanak, hain zuzen ere, portuaren eraginkortasuna hobetzeko egingo dituzte. Gutxiengo sakonera ziurtatzen duten lanak egingo dituzte ontzien joan-etorria ahalik eta modurik seguruenean egin ahal izateko.
Hain zuzen ere, plaiko mustur ingurutik Zubi Zaharrerainoko tartea dragatuko dituzte bi dragaontzik. “Zubi Zaharraren parera arte dragatuko dute, hortxe amaitzen baita Portu Zuzendaritzak eskumena duen eremua”. Era berean, Astilleruko kirol portua ere dragatzeko asmoa agertu dute. Lanak Colindres-ko (Kantabria, Espainia) Drasemar enpresak egingo ditu, eta aurrekontua 439.825,71 eurokoa da (BEZa gabe).
Lanak hiru fasetan egitea aurreikusten dute, eta bihar [otsailak 13] Calatrava zubiaren azpitik Plaiko Zubira doan lehenengo faseari ekingo diote. Hurrengo fasean, Artibai ibaian gorago egingo dituzte lanak, Zubi Zahar pareraino, eta tartean kirol portua ere dragatuko dute. Azkenik, plai musturretik Calatravara doan tarteari ekingo diote. Azken faseko lanak, hain zuzen, “eguraldia hobetzen denean” egingo dituzte.
Dragatze lanek, gainera, pantalanetan lotuta dauden kirol ontziei ere eragingo die. Dragatze lanak egin bitartean ontziak lekuz aldatu beharko dituzte, beste batzuk amarratuta dauden tokira. “Dragatzen hasten direnean ontziak mugitu beharko dira lekua egiteko. Portu zuzendaritza jarriko da ontzi horien jabeekin harremanetan”.
Dragatze lanetan bi dragaontzi arduratuko dira. Ibai hondoan dagoen basa eta hondarra Beatriz Maria dragaontziak dragatuko ditu xurgatze sistema erabilita. Dragaontzi horrek 80 metro kubiko jasotzeko edukiera du. Dragatutako hondakinak portu ingurutik kanpora botako dituzte, itsaso zabalean. Cabo do Mundo dragaontziak, berriz, hondarra dragatuko du. Ontziak 140 metro kubiko jasotzeko gaitasuna du, eta jasotako hondarra Saturraran inguruetan botako dute. Bi ontziei Azti-Tecnaliak egingo die jarraipena, ingurumen irizpideak ziurtatzen direla berresteko.
Oraingoz, Beatriz Maria dragontzia ailegatu da Ondarroara. Cabo do Mundo datorren astean etorriko dela aurreikusten dute.