Herriko aparkaleku arazoari irtenbidea eman nahian ari da Ondarroako Udala
Herrian azkenaldian egiten ari diren lanen ondorioz, areagotu egin da herritarren kezka. Eta horren jakitun, udalak arazoari aurre egiteko egiten ari den lanketa ezagutzera eman nahi izan du.

Udal ordezkariak gotzaindegiagaz negoziatzen ari dira Ibaiondon aparkaleku gehiago zabaldu ahal izateko. “Horrela, Kamiñazpin arnasgune bat sortzeko aukera ikusten da”. Udaberrian, bestalde, Kamiñaldeko mendi magaleko lanak amaitu, eta bidea zabaltzean, beste 70 aparkaleku inguru egongo dira erabilgarri. “Txorierrekako etxebizitzen lanak ere amaitzear daude, eta bertan 100 aparkaleku inguru egongo dira. Orain herriko beste guneetan aparkatzen dutenak, hain zuzen”.
Herriko aparkalekuen arazoa “behin betiko” konponduko luketen beste bi proiektu lantzen ari da udala; Txalet Monika eta izotz fabrika artean 700 bat aparkaleku egiteko proiektua garatzen ari dira, besteak beste. “Horrelako lan bat egiteko arau subsidiarioa lantzen ari dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean”. Bestetik, hainbat pisutako aparkaleku bertikalak egiteko proiektua garatu nahi dute Zaldupen. Izan ere, futbol zelaiaren eta Ertzain Etxearen artean egingo diren moldaketa batzuen ondorioz, aldagelak lekuz aldatuko dira, eta toki hori aprobetxatuko lukete horretarako.
Udalak dio Zaldupe atzeko aparkalekuan ezin dutela nahiko luketen lanak egin, gune hori URAren eremuda delako. “Gune horretan ezin dugu galipotik bota, soilik hondarra, baina euriarekin eta autoen joan etorriarekin hilabete gutxitako konponbidea baino ez da”
Zaldupe atzeko aparkalekuari dagokionez, skate parkea egitearekin batera aparkalekuak berrantolatu egingo dituztela esan dute, eta lekurik ez dela galduko nabarmendu dute. “Udalak adierazi nahi du skate parkea herritarrek aspaldi egindako eskaera zela, eta herriak denontzako tokiak izan behar dituela”.
Aparkaleku bereko lurzorua zuloz beteta dago, eta hainbat herritarrek horri buruzko kezka agertu diote udalari. “Udalak lehendik ere jakinarazi izan duen bezala aparkaleku gune hori URAren eremua da, eta beraz, udalak ezin ditu nahiko lituzkeen eraberritze lanak egin. Gune horretan ezin dugu galipotik bota, soilik hondarra, baina euriarekin eta autoen joan etorriarekin hilabete gutxitako konponbidea baino ez da”.
Egoerari irtenbidea eman nahian, eta hitzarmen bat lotze bidean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko eta URAko arduradunekin behin eta berriz batu direla azpimarratu dute udal ordezkariek, “uraren desbideraketa lanak hiru erakundeen esku egon daitezen”. Udala proiektu bat garatzen ari da gaur egun, bi erakundeei aurkeztu ahal izateko.