Bizenta Mogel izena jarriko diote Markina-Xemeingo udaletxe osteko parkeari
Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, xafla bat jarriko dute parkean Bizenta Mogelen lanik ezagunena den 'Ipui Onac' liburuko alegien zatiekin.
Bizenta Mogel parkea izena jarriko diote udaletxe osteko aparkalekuko lanak amaitutakoan erdigunean geldituko den parkeari. Bizenta Mogel (1782-1854) euskaraz idatzi zuen eta bere izenez sinatzera ausartu zen lehenengo emakumea izan zen, bai eta alegiak euskarara ekarri zituen lehenengo idazlea ere. Azkoitian jaio bazen ere, urte bat zeukala umezurtz geratu eta bere osaba Juan Antonio Mogelegaz bizitzera etorri zen Markina-Xemeinenera.
Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, xafla bat jarriko dute parkean Bizenta Mogelen lanik ezagunena den Ipui Onac liburuko alegien zatiekin. Bizenta Mogelen bizitzan eta obran adituak diren Jabier Kaltzakorta euskaltzain eta irakasle markina-xemeindarrak eta Yolanda Arrieta Etxebarriko idazleak aukeratu dituzte alegia horien zatiak.
Amaitzear. Zelaibarriko obra azken txanpan dagoela azaldu du udalak. 80. hamarkadan hasi zen proiektua gauzatzen, eta epe laburrean amaitutzat emango dute. “Obra oso ondo joan da epeetan”. Argitu dutenez, udalaren asmoa aurretik amaitzea zen, baina obren hasiera hilabete baino gehiago atzeratu zen. Hasi zirenetik, baina, aurreikusitako epeak betetzen joan dira.
Erdiko parkea eta aparkalekuak amaituta geratuko dira, baina aparkalekuko lurzoruaren inprimatzea faltako da. Hau da, itxuraz, parkea eta aparkalekua amaituta egongo dira, eta erabilgarri gainera, baina amaitzen ari diren aparkalekuaren lurzoruari inprimazioa ematea faltako da. “Lurzoruari inprimazioa ematea udan egitea hobeto dela uste dugu. Denbora ona eta tenperatura ona egokiagoak dira lan hori errazago egiteko”. Aitatu dutenez, inprimazioa emateko hilabetea abuztua izan liteke.
Erdian geratuko den parkean iturriak eta zuhaitzak ere jarriko dituztela jakitera eman dute. “Hasitako arbolak izango dira, tamaina ezberdinetakoak”.