Etxebarriko EH Bilduk onespena eman die 2019ko udal aurrekontuei
Koalizioarentzat ezinbestekoak diren gai batzuk aurrekontuetan kontuan hartu dituzte. Gaztetxoen gaiaren inguruan lanketa bat egitea proposatu dute.
Etxebarriko EH Bilduk aurrekontuak onartzea erabaki du aurten. Azaldu dutenez, 2019ko aurrekontuetan koalizioak ezinbesteko ikusten dituen gai batzuk sartu izanak eraman ditu aurrekontuei baiezkoa ematera.
Jakinarazi dutenez, 2018an herriko gazteekin izandako «porrota» ikusita, ezinbestekoa irizten zaie, aurtengo urtean, 12-16 urte bitarteko gaztetxoekin herri mailako programa bat martxan jartzea, «gazteekin zer antolatu daitekeen ikusteko». Horretarako udalaren eta gurasoen elkarlana eta konpromisoa beharrezkoa direla diote EH Bildukoek.
Gurasoekin batera. Bestalde, herriko eskola berriaren gaia aurrera doala ikusita, eta 2019 urtean Hezkuntza Sailagaz lehenengo biltzarra egingo dela baieztatuta geratu denez, EH Bildurentzat eskola berriak eta bere urbanizazioak izango lituzkeen gastu ekonoikoak jakitea garrantzitsua dela azaldu dute. «Horrenbestez, ikerketa ekonomiko bat eskatu dugu gai horren inguruan, gastuei aurre egiteko aukera desberdinak jasoko lituzkeen txostena egiteko». Ikerketa horren bidez, Etxebarriko Udala etorkizunean, gastu horiei aurre egiteko gai izango litzatekeen jakin nahi dute.
2019ko aurrekontuetan jasotako skate parkearen proiektuagaz ez daudela oso zihur gaineratu dute EH Bildukoek, baina gurasoekin egingo diren batzarretan gai hori adostuko dutenez, puntu hori ere onartzea erabaki dute.