Haratzago Kros Mistoa, martxoaren 23an, Lekeition
Maiatzaren 19an Lekeition ospatuko den Ibilaldiaren harira antolatu dute ume eta nagusientzako bikotekako kirol proba.
Maiatzaren 19an Lekeition egingo den Ibilaldiaren harira Haratzago Kros Mistoa egingo da martxoaren 23an, zapatua, Lekeition. Gizon eta emakumeen partaidetza berdina izateko helburuz, bikoteak neska eta mutil izan beharko dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
Lasterketa herrikoia izango da, eta ez da denborarik neurtuko, nagusiez gain, umeek ere parte hartu ahalko dute kirol proban. Hala, umeen lasterketekin hasiko da kirol ekitaldia. “Horiek ere bikoteka joan beharko dute”, zehaztu dute antolatzaileek.
17:00etan hasita, HH3, HH4 eta HH5 adinetako umeek egingo dute aringa-aringa 500 metroko ibilbidean zehar. Ondoren, LH1,LH2 eta LH3koen txanda izango da, horiek 1.000 metro osatu beharko dituzte. Eta azkenik, LH4, LH5 eta LH6 adinetako gaztetxoak 1.500 metro egin beharko dituzte.
18:00etan irtengo dira 5,5 kilometroko ibilbidea egitera DBHtik aurrerako guztiak. Korrikalariek Maiatzaren 19ko Ibilaldian egongo den ibilbide bera egitea erabaki dute antolatzaileek, “nondik nora joango den ezagutu ahal izateko”.
Helduen bikoteek kros mistoan parte hartzeko izena eman behar dute, aldez aurretik, herrikrosaren webgunean edota Azkue Ikastolan. Bikoteko 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta horren trukean kamisetak emango dizkiete bikoteei amaieran, eta hamaiketakoa ere edukiko dute. Umeek ez dute ezer ordaindu beharko, eta izena egunean bertan eman ahalko dute.