Markina-Xemein entzunaldiz jantziko du Tarinek
Instrumenturen bat ikasten dauden ikasle guztiek jendaurrean aritzeko aukera edukiko dute. Saioetan Markina-Xemeingo eta Berriatuko ikasleek parte hartuko dute.
Markina-Xemein eta Berriatuko Tarine udal musika eskolak neguko denboraldiari amaiera emateko emanaldi sorta eskainiko du barikutik (otsailak 15) hilaren 28ra bitartean. Guztira sei saio eskainiko dituzte musika eskolak Markina-Xemeingo Kontzekupean daukan lokalean.
Emanaldi guztietan ariko diren ikasle eta irakasleak 40 inguru izango dira, eta orain arte modura, herritarrek saioak ikusteko aukera edukiko dute.
Musika eskolako arduradunek esan dutenez, entzunaldiei esker instrumenturen bat ikasten ari diren ikasle guztiek jendaurrean aritzeko aukera edukiko dute. «Emanaldi guztiak Markina-Xemeinen izango badira ere, musikari markina-xemeindarrak eta berriatuarrak ariko dira».
Errepertorio zabala. Orain arte egin izan duten entzunaldietan esan modura, saioak xumeak izango dira. «Errepertorioari dagokionez, denetarik entzuteko aukera egongo da». Tarinekoek herritarrei musikagaz gozatzera hurreratzeko gonbitea egin nahi izan diete.
ENTZUNALDIEN EGUTEGIA:
- II. Entzunaldia, barikuan (otsailak 15), 19:00etan: pianoa. 8 ikaslek parte hartuko dute. Ikasle bakoitzak pieza bat joko du, bakarka. Irakaslea: Eli Andrinua. Lekua: 2. gela. Iraupena: 30 minutu.
- III. Entzunaldia, astelehenean (otsailak 18), 19:00etan: gitarra klasikoa. 8 ikasle ariko dira, bakarka eta bikoteka. 7 pieza joko dituzte bakarka eta bi binaka. Irakaslea: Pablo Fernandez. Lekua: aretoa. Iraupena: 30 minutu.
- IV. Entzunaldia, martitzenean (otsailak 19), 19:00etan: biolina. Bi ikaslek eta Janire Krutxaga irakasleak parte hartuko dute. Bost pieza joko dituzte bakarka eta hiru taldeka. Iraupena: 20 minutu. Lekua: 5. gela.
- V. Entzunaldia, otsailak 22, 18:30ean: trikitixa. 9 ikaslek parte hartuko dute. Bost pieza eskainiko dituzte, hiru bakarka eta beste bi taldeka. Irakasleak: Naiara Plaza eta Rakel Pujana. Iraupena: 20 minutu. Lekua: 1. gela.
- VI. Entzunaldia, otsailak 22, 19:00etan: pianoa eta flauta. Alba Idoiagabeitia (pianoa) eta Natalia Sanchez (flauta) irakasleekin ikasten ari diren ikasleek parte hartuko dute. Lekua: 2. gela.
- VII. Entzunaldia, otsailak 28, 17:30ean: instrumentu modernoak eta saxofoia. Irakasleak: Xabier Azkarate (bateria), Mikel Arakistain (gitarra elektrikoa) eta Aingeru Torre (saxofoia). Parte hartzaile kopurua eta errepertorioa aurrerago zehaztuko dituzte.