Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikote batek Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finala jokatuko du
Kimu mailako Mikel Egurrola etxebarritarrak eta Unax Ibarzabal markina-xemeindarrak Sopelako pilota eskolako bikotearen kontra lehiatuko dute finala.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finalean bikote bat sartzea lortu du. Zehatz esateko, kimuak A mailako finala jokatuko dute Mikel Egurrola etxebarritarrak eta Unax Ibarzabal markina-xemeindarrak. Otsailaren 8an Arrigorriagan jokatutako finalaurrekoan Elorrioko bikoteari irabazita sailkatu dira finalera.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finalak Iurretan lehiatuko dituzte zapatuan (otsailak 16). 15:45ean jokatuko dute lehen finala, kimuen hastapen mailakoa. Hain zuzen, kimu eta gaztetxo kategorietako finalak hartuko ditu Iurretako pilotalekuak.
Markina-Xemeingo eskolakoak kimu kategoriako mailarik gorenean daude, eta Sopelako eskolako bikotearen kontra ariko dira zein baino zein gehiago. Kimuak A mailakoa arratsaldeko laugarren partidua izango da.
Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, “partidu gogorra” espero dute. “Ezagun handiak dira Sopelakoak; orain dela bi urte ere elkarren kontra jokatu zuten finala, eta gure bikoteak irabazi zuen”. Maila aldetik parekotasun handia dagoela zehaztu du: “Eurak ere finalera nahikoa erraz heldu dira. Gure pilotariek ere duten adinerako kristoren maila daukate. Asko jokatzen dute. Batez ere Egurrolak maila itzela dauka, Bizkaiko bere adinekoen artean aldea markatzen du”.
Markina-Xemeingo eskolako hamahiru bikotek parte hartu dute Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan. Hasieran, eskola guztietako bikoteak bi multzotan banatu, eta ligaxka bat lehiatu zuten (7-8 partidu). Eta ondoren, final laurdenak eta finalaurrekoak gainditu behar izan dituzte finalera sailkatzeko.
Binakako eskolarteko txapelketa amaituta, hurrengo astean hasiko dute banakakoa.