Ukelele tailerra egingo dute Berriatuan
Tarinek ukelele tailerra eskainiko du martxoan, Berriatuko Anaitasuna elkarteak eta udalak lagunduta. Azaldu dutenez, tailerra 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago. «Inoiz musika tresnarik jo ez dutenentzako aproposa da». Izena emateko epea martxoaren 6an amaituko da; tarineren webgunetik izena eman behar da.
Tailerraren helburu nagusiena ondo pasatzea eta herritarrak musikara erakartzea dela diote. Oinarrizko bi saio eskainiko dituzte, martxoaren 9an eta 23an, 10:00etatik 12:00etara, Anaitasuna elkartearen lokalean. «Askok beldurra edukitzen dute. solfeorik-eta ez badakite. Baina ukelelea erraz jotzeko tresna da, eta ez da aparteko ezagutzarik behar».
Parte hartzaile bakoitzak bere ukelelea eraman beharko duela esan dute. «Ukelele batek 20 euro balio ditu. Ez da instrumentu garestia, eta jotzen ikasteko erraza da. Beraz, animatu daitezela eta datozela ondo pasatzera».