Maitasunez betetako omenaldia eskaini diote Ondarroan Ekai Lersundiri
Lagun talde handi bat elkartu da Itsasaurreko monolitoaren aurrean, ondarrutar gaztea oroitu eta gurasoei elkartasuna eta babesa adierazteko.

Kandelaz osatutako bihotz handi baten inguruan lagun talde handi bat elkartu da gaur [otsailak 16] goizean Ondarroan. Itsasaurren dagoen Ekai Lersundi Martinez oroitzen duen monolitoaren aurrean osatu dute bihotza. Urte bete bete da gazte ondarrutarraren heriotza gertatu zenetik, eta Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteak ekitaldi berezia prestatu du gaztea gogoratzeko. Omenaldi hunkigarri eta beroa eskaini diote, txalo zaparrada eta maitasun-adierazpen amaigabeekin betea.
Gaurkoa, guztientzat, baina batez ere familiarentzat “egun oso gogorra” dela esanez hasi du ekitaldia Naizen Adingabe Transexualen Guraso Elkarteko kideak. Pena handia da horrelako egoeretan aurkitu behar izana, baina, bestalde, indarra ematen digu zelako familia daukagun atzean jakiteak, elkar ikusi eta hutsik egingo ez dugula jakiteak eta batak bestea daukagula jakiteak”. Ana Martinez eta Elaxar Lersundi Ekai Lersundiren gurasoei eskerrak eman dizkie “egunez egun ematen diguzuen ikasbideagatik eta zuen indarragatik”, eta eurak ondoan izateagatik zorioneko direla azpimarratu dute.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Elaxar Lersundik ere eskerrak eman dizkio Naizen elkarteari eurentzako “familia bat” direlako. “Eskerrik asko ematen diguzuen indarragatik, eskerrik asko egiten ari zareten lanagatik”. Ondarroako bizilagun guztiei ere eskerrak eman dizkie Lersundik. “Ez gara beste guraso batzuengandik ezberdinak, daukagun gauza ona lagun onak ditugula da, jende ona daukagu Ondarroan. Eskerrak etorri zareten guztioi eta etorri nahi eta ezin izan dutenei ere bai; eskerrik asko bihotz bihotzetik”.
Txalo zaparradaz erantzun diote aitari Itsasaurren batutakoek, eta banaka-banaka, gaztea oroitzen duen monolitoa lora sortez betetzen joan dira guraso, elkarteko kide eta lagunak.
Hitz goxoak. Bertso, musika eta abestiek ere eduki dute tartea ekitaldian. Ekaitz Goikoetxeak Ekai Lersundiren omenezko bertso bat bota du, eta Ondarroako institutuko lagunek testu txiki bat irakurri dute. 2018ko otsailaren 15ak bizitza aldatu zietela esan dute ondarrutar gaztearen ikaskideek. Pentsaera eta izateko erari balio ezberdina ematen ikasi dugu, eta zoritxarrez, pasa zena eta gero, burura etorri zitzaizkigun galdera guztiei esker dakigu bizitzak zenbat espero gabeko ezusteko ematen dituen”. Ahal izan duten modura tristurari amaiera eman eta aurrera jarraitzen saiatu direla azaldu dute, hala ere, gogoan daukate laguna, eta muxurik gozoena bidali nahi izan diote dagoen tokiraino. “Asko daukagu ikasteko eta aldatzeko. Gero arte, maite zaitugu”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Ondarroako Olatu kantu abesbatza gazteak kantu bi eskaini ditu ondoren, Yolanda Loira zuzendariaren gidaritzapean: Mendian gora kantu herrikoia eta Siyahamba kantu hegoafrikarra. Eta Andrabandaren danbor hotsek bete dute jarraian, plaza. Itsasaurren jo dute lehenengo eta kalejiran ibili dira gero, herrian zehar. Kalejira aurretik, baina, ohorezko aurreskuagaz eman diote Itsasaurreko ekitaldiari amaiera.
Bekozinin jarraitu dute ekitaldiek arratsaldean. Ekaitz Goikoetxaren poesia musikatuaz gozatzeko tartea egon da, eta Garoa talde mutrikuarrak martxoan kaleratuko duen Marea Morea diskoko Ekai kantua emango du ezagutzera besteak beste. Gainera, Butterfly telesailaren atalak ikusteko aukera ere izango dute ekitaldian batutakoek.



































































