Markina-Xemeingo alebinek Bizkaiko Eskolarteko Eskupilota Txapelketa irabazi dute
Emozioz betetako finala jokatu dute Mikel Egurrola etxebarritarrak eta Unax Ibarzabal markina-xemeindarrak Sopelaren kontra.

Mikel Egurrola etxebarritarra eta Unax Ibarzabal markina-xemeindarra Bizkaiko Eskolarteko Eskupilota Txapelketako txapeldun geratu dira gaur [otsailak 16] arratsaldean Iurretan jokatu diren finaletan. Emozioz betetako finala jokatu du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikoteak Sopelaren kontra.
Set bana irabazita, 5 tantora jokatu duten berdinketa hausteko partiduan egin dira A mailako garaipenaren jabe Egurrola eta Ibarzabal. Lehen seta Markina-Xemeingo bikotearentzat izan da. Sopela 2 eta 0 irabazten hasi bada ere, berdinketa lortu du Egurrolak bat sakez eta bestea dejadaz (2-2). Egurrolaren sakez, berriz, aurretik jarri da Markina-Xemeingo bikotea (2-3), baina Sopelak 3ra berdindu eta hurrengo sake bietan tantoa egitea lortu dute, hala markagailua 5-3 jarri da Sopelaren alde.
Egurrolak eta Ibarzabalek ez dute amore eman; Egurrolak sakez lortu du hurrengo tantoa (5-4), eta Sopelako aurrelariaren huts egiteak 5nako berdinketara eraman ditu. Ibarzabalen tantoa etorri da ondoren, Sopelak 5 eta Markina-Xemeinek 6, aurrea hartu dute. Markina-Xemeinentzako hurrengo tantoa Egurrolak lortu du (5-7). Bi tanto egin dituzte jarraian Sopelakoek (6-7, 7-7), zazpira berdintzea ere lortu dutelarik, baina Egurrolak eta Ibarzabalek hiru tanto kateatu, eta lehenengo seta bere egin dute.
Nahiz eta Markina-Xemeingo bikotea hasieran aurretik jarri, Sopelakoak nagusitu dira bigarren setean. Binakako berdinketaren ondoren aurrea hartu du Sopelako bikoteak, eta hala jarraitu dute amaierara arte. Tanto politagaz eskumara botata lortu du markagailuan 3-2 jartzea Sopelak. 4-2 an kontuak larritzen hasi dira Markina-Xemeingo bikotearentzat, eta 6-2 ra heldu direnean itsusi. Ibarzabal eta Egurrola saiatu dira, eta tanto politak eskuratu dituzte dejadaz eta sakez. 9-8 hurreratzea ere lortu dute, baina Egurrolak ezin izan du pilota ezker hormatik atera, eta 10 eta 8 irabazi dute bigarren set-a Sopelakoek.

Sopela eta Markina-Xemeingo bikoteen arteko finala.
Berdinketa hauste guztiz zirraragarria eskaini diote publikoari lau pilotariek. Azken momentuan erabaki da garaipena, eta tanto luze bezain bikainekin gozatzeko aukera eduki dute ikusleek. Markinak lortu du lehen tantoa, baina berehala berdindu dute Sopelakoek. Egurrolak ez du hurrengo pilota ondo joterik eduki, eta 2-1 jarri da markagailua Sopelaren alde. Pilotak Sopelako pilotaria jo duenez, bigarren tantoa eskuratu dute Markina-Xemeingo taldeko pilotariek. Ibarzabalek dejada polita egin du ondoren, hirugarren tantoa lortuz.
Final guztiko tantorik luze eta dotoreenak etorri dira segidan. Tanteo nahikoa luzearen ondoren lortu du Egurrolak Markina-Xemeinentzako 4. tantoa. Sopelarentzako hirugarrena etorri da ondoren (3-4). Tanteo luze eta jokaldi polita eskaini dute pilotariek, eta jendeak txaloka erantzun die. Tanto on batetik hobera igaro da partida. Partiduko tantorik luzeena, zirraragarriena eskaini dute. Lau pilotariak bikain aritu dira, eta azkenean Sopelak txapa gainean jarri du pilota, eta Markina-Xemeingo bikotea ezin izan da harrapatzera heldu; laura berdindu dute. Azken tantoan, beherantz bota dute pilota Sopelakoek, eta garaipena Egurrolarentzat eta Ibarzabalentzat izan da.
Pozik. Partidu itzela egin dutela adierazi du, pozik, Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemein Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak. Gaurkoan pilotagaz gozatu dutela nabarmendu du. “Alebinak izateko izugarri jokatu dute, eta oso pozik gaude denok garaipenagaz”.
Sopelakoak ere ondo aritu direla aitatu du Urionabarrenetxeak. “Kurutx ala pil izan da azkena”. Partidu guztia oso gogorra izan dela adierazi du entrenatzaileak, baina azken hiru tantoak nabarmen onak. “Elkar defendatzen ibili dira, elkar erasotzen; apartekoak pilotariak”.