Youssef Chaiba Ondarroako bizilagunak Segurtasun Sailaren merezimenduaren domina jaso du
Chaibak uretara jauzi egin zuen Mutrikuko kai-mutur zaharrean itsasora jausi ziren bi gasteiztarri laguntzeko.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren dominak banatu ditu gaur [otsailak 16] goizean Gasteizko Goiuri Jauregian egin den ekitaldi batean. Bertan bereizgarri gorriko domina eman diote, hil ostean, pertsona baten bila ari zela istripuz hil zen Debako Carmelo Arrizabalagari. Ekitaldi berean bereizgarri berdeko dominak jaso dituzte Youssef Chaiba Ondarroako bizilagunak eta Angel Villuelak eta Aritz Aguiarrek, larrialdietako eta babes zibileko merezimenduzko ekintzengatik.
Youssef Chaibak eraman duen bereizgarri berdeko domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da. Chaibak joan den urtarrilaren 3an uretara jauzi egin zuen Mutrikuko kai-mutur zaharrean olatuek eramanda itsasora jausi ziren bi gasteiztarri laguntzeko ahaleginean. Zoritxarrez, ezin izan zuen ezer egin, itsasoa oso zakar zegoen eta.
Bereizgarri horiek ematen diren bigarren aldia izan da gaurkoa. Azaldu dutenez, ohorezko sari horiekin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero sarituko ditu, batetik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak, eta bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.