Maria Egiguren ondarrutarrak 102 urte bete ditu
Egiguren Ondarroako Eguneko Zentroko erabiltzailea da, eta bertan ospatu dute urtebetetze eguna, senideekin inguratuta.
1917ko otsailaren 18an jaio zen Maria Egiguren. Urtebetetze eguna ospatzeko Egigurenek senideak eduki ditu alboan; zorion mezuak eta opariak jaso ditu Eguneko Zentroan bertan. Azaldu dutenez, urtebetetze tarta eta guzti egin dute ospakizuna, eta Egigurenek kandelei putz egin die. “Bihar ere [otsailak 19] urtebetetze ospakizunekin jarraituko du Egigurenek. Izan ere, Zaldupe eskola publikoko ikasleek omenaldia egingo diote”.
Egiguren Ondarroan jaio zen duela 102 urte, eta betidanik Ondarroan bizi izan da. 53 urte zituela ezkondu zen, eta 24 urte eta gero, 77 urtegaz, alargun geratu zen; ez zuen seme-alabarik eduki. “Oso emakume gogotsua izan da beti. Josi egiten zuen, eta Artibai egoitzara joaten zen arratsaldero, adinekoekin egotera”. Fededuna da, oso, eta domekero eta jai egun berezietan mezatara joaten zen.
2017ko abuztuaz geroztik da Ondarroako Eguneko Zentroko erabiltzailea; egunez egoten da bertan. “Gaitasun fisikoak eta kognitiboak mantentzeko egunero hainbat ariketa egiten ditu. Eguneko gainerako orduak familiagaz egoten da”. Eneritz Elgezua Ondarroako Eguneko Zentroko zuzendariak azaldu du urte asko baditu ere, oso ondo dagoela. “Bastoiagaz ibiltzen da, eta kognitiboki bikain dago. Urte asko egoera onean bizi daitekeenaren adibide argia da”.
Bere burua zaintzeko, soja esnea lezitinagaz edaten duela dio Egigurenek. “Horrez gain, jogurtak, frutak eta Ondarroako portuko arrain freskoa jaten ditut”.