Azken-aurreko borroka hasiko dute Lekeitioko Beteranoen Eskupilota Txapelketako pilotariek
Domekan [otsailak 17] jokatu zen ligaxkako azken partidua Beraza-Telleria eta Jaunarena-Foster bikoteen artean.
Beteranoen trinketeko Eskupilota Txapelketa azken-aurrekoetara ailegatu da. Domekan [otsailak 24] sartuko dira azken txanpan pilotariak, eta beraz, norgehiagoka biziak espero dira.
Joan den domekan [otsailak 17] jokatu zen ligaxkako azken partidua Beraza-Telleria eta Jaunarena-Foster bikoteen artean. Sailkapeneko 3. eta 4. postuak zeuden jokoan, hori dela eta, bikote biak serio jokatu zuten. Azken-aurrekoetarako sailkatuta zeuden arren, Berazak eta Telleriak ez zuten partida orekatu bat jokatzeko aukerarik ere eman. Telleriak dominatu egin zuen atzean, eta nahiz eta Fosterrek partidako momentu askotan ondo eutsi ez zuten aukera gehiegirik eduki. Jaunarenak ez zuen bere eguna izan eta txapa ugari jo zituen, Beraza aldiz, ondo aritu zen aurreko koadroetan. Horrela, 30 eta 18 nagusitu ziren Beraza eta Telleria.
Datorren domekan taldeko argazkia aterako dutela jakitera eman dute antolatzaileek, eta beraz, partaide guztiak jokatuko dutela azaldu dute. Hala, 09:30ean hasiko dira partiduak. Lehenengoa Bastida-Conde eta Moral-Egaña bikoteen artekoa izango da. “Naiz eta lagunartekoa izan, Moralek eta Egañak ahalegin guztiak egingo dituzte irabazteko. Naiz eta ligaxkan bikote bien arteko partida galdu, jokoan gorantz egin dute eta faboritoak dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Azken-aurrekoak jokatuko dituzte ondoren. 10:45ean Beraza-Telleria eta Pradera-Gandiaga I neurtuko dira. “Aurrekoan gazteak irabazi zuten, baina oraingoan, finalerako pasea jokoan, beteranoek estu jarriko dute lehia”. 11:30ean aterako dira trinketeko kantxara Astigarraga-Gandiaga I eta Jaunarena-Foster bikoteak. “Lehenengoak dira faboritoak, eta zailtasunik barik sailkatu daitezke, baina nafarrak eta lekeitiarrak egon borobila badaukate edozein irabazteko gai dira”.
Finalerako sailkatzeko partida biak irabazi behar dituzte bikoteek. Hau da, domeka honetan eta hurrengoan jokatuko diren biak. Bestela, berdinketa haustea jokatu beharko dute hirugarren jardunaldi batean, antolatzaileek zehaztu dutenez, “tantuak kontuan hartu barik”.