Lekeitioko Udalak eskola publikoko segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko lanak burutuko ditu
Larrialdietako irteerak egin, iriste erraztasuna hobetu, eta beste hobekuntza batzuk egingo dituzte Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz.
Eusko Jaurlaritzagaz batera ariko da Lekeitioko Udala. Erakunde biek koloreetako eraikinean larrialdietarako irteerak, irisgarritasun neurriak eta bestelako hobekuntzak egitea adostu dute.
Urtarrilaren 30ean eman zuen Lekeitioko Udalak lanak egiteko baimena. Jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko duen proiektu horrek 324.155,21 euroko kostua izango du. Egingo dituzten lanen artean lau dira nagusi. Alde batetik, larrialdietako bi irteera eraikiko dituzte. “Lehenengoa jantokitik kalera bideratuko da, eta bigarrenak pisu guztietako ikasgeletatik kanpora irtetzea ahalbidetuko du”. Horrez gain eraikineko komunetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak egingo dituzte, suteak itzaltzeko sistema automatikoa jarriko dute sukaldean eta larrialdietako argiteria jarriko dute.
Horiekin batera, udalak beste hobekuntza lan batzuk ere egingo ditu eraikin gorrian, koloreetakoan eta haurreskolan. Lan horiek 90.000 euroko kostua izango dutela aurreratu dute, eta udalak bere gain hartuko ditu. Aurten egingo dituzten obra nabarmenenak hauek dira:
- Koloreetako eraikinean: lehenengo solairuan dauden hiru terrazak iragazgaiztuko dituzte; argiteria aldatuko dute segurtasun neurriak betetzeko; psikomotrizitate gelako altuera igoko dute pisu bereko beste gelen parean jarriz; eraikineko zazpi geletako ateen tamaina handituko dute irisgarritasuna indartzeko, aurreko urtetan eraikineko beste ateetan egindako lanei jarraipena emanez, eta portxeko lurrari ez labaintzeko tratamendua emango diote.
- Eraikin gorrian: irteera edo sarbideak egokituko dituzte irisgarritasuna indartzeko; portxeko lurrari ez labaintzeko tratamendua emango diote.
- Haurreskolan: hobekuntza lanak egingo dira.
Udalak jakinarazi duenez, inbertsio honetaz gain, azken hiru urteetan eskola publikoko eraikinetan 261.330,23 euro inbertitu dira. Joan den abenduan, esate baterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 38.240 euro jarri zituen Ateako Lanbide Heziketako teilatua konpontzeko.