Mutrikuarrek Berdel Aipamena nori eman erabaki ahal dute, martxoaren 3ra arte
Herritarrek zortzi hautagai proposatu dituzte, eta Mutrikuko Udaleko Garapen Batzordeak bost hautagaiko behin betiko zerrenda onartu du.
Udalak jakinarazi duenez, herritarrek egindako zortzi proposamenen artean duela gutxi beste aipamen edo sariren bat jaso duten herritarrak egon dira. Beraz, Garapen Batzordeak azkenean ere bost hautagaiko zerrenda egin du. Herritarrek martxoaren 3ra arte eman ahal dute botoa, udalaren webgunean edo turismo bulegoan eta liburutegian egongo diren kutxetan. “Udalak herritarren inplikazioa eta parte hartzea bultzatu nahi ditu, Berdel Egunaren inguruan parte hartzaile gehiago egoteko eta parte hartze ohiturak bultzatzeko”.
Bost hautagaiak zeintzuk diren jakinarazteaz batera, proposamenak aurkezteko zergatia ere azaldu du udalak, modu laburrean. “Hala ere, bozkatzeko jarriko diren guneetan proposamena luzatu duten herritarrek erabilitako argudio originala irakurtzeko aukera egongo da”.
HAUTAGAIAK:
- Jesu Mari eta Juan Luis Masillas, Jose Agustin Paletas, Jose Ignacio Arrizabalaga, Jesus Basterretxea Txordo: “Mutrikuko itsas ondarea ez galtzeko etengabe lanean ari den taldea. Eskualdeko ikastetxeetako haurrei Euskal Herriko eta Mutrikuko arrantza motak, garai bateko tresnen izenak eta erabilerak etab. erakusten diete, besteak beste. Beti prest daude horrenbeste maite duten Mutriku herriko tradizioak eta izanak erakusteko bertakoei edota kanpotarrei”.
- Anaiarte, Kantuz Bizi eta Madalen abesbatzak: “Berdel Eguna sortu zenetik, sekula hutsik egin gabe eta makina bat entsegu eginda, beti prest, berdel eguna girotzeko”.
- Mutrikuko Gaztetxia: “Herrian ekintza, kontzertu, hitzaldi eta beste hainbat ekimen antolatzen dituzte. Gainera, gazte asanblada, asanblada kulturala eta haur eta guraso asanblada martxan dabiltza herriari bizitasuna ematen”.
- Erik Mendizabal: “Dania Jai Alain egiten ari den ibilbideagatik. Hiruko koroa irabazteagatik eta zesta punta
gure kulturaren osagaia delako”. - Mutriku Futbol Taldea: “Aurten taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen dute”.
Berdel Aipamena Berdel Eguneko ospakizunei hasiera ematen dien ekintza izaten da. Sariak Mutrikuren onerako lan egin duten pertsona, elkarte eta abarrei euren lana eskertzea du helburu. Sari banaketa martxoaren 29an egingo da, eta Berdel Eguna apirilaren 6an.