'Gerra hemen hasten da' jardunaldiak antolatu ditu Markina-Xemeingo Ongi etorri errefuxiatuak plataformak
Euskal Herriko enpresa eta erakundeek armagintzan dituzten interesak eta Yemengo gerra azalduko dituzte hitzaldi eta emanaldien bidez.

Euskal Herriak munduko gatazken inguruan daukan erantzukizunaz hausnartzeko bidea emango dute Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideek asteburuan antolatu dituzten Gerra hemen hasten da jardunaldiek. “Migranteak egoteko zer gertatzen den aztertzen ibili ondoren konturatzen zara migranteak guk eragiten ditugula. Hau da, Euskal Herrian armak sortzen ditugu eta guk bidaltzen ditugu gatazkak dauden eremuetara”, diote. Hala, Euskal Herriko armen ekoizpenaren berri eman eta ondorioak ezagutzera emateko, hitzaldi bi prestatu dituzte zapaturako [otsailak 23], eta Gerra hemen hasten da dokumentalaren emanaldia eskainiko dute domekan [otsailak 24]. Biak, Uhagon kulturgunean izango dira, 18:00etan.
Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideek jakitera eman dutenez, gaur egun Euskal Herrian egiten diren arma gehienak Saudi Arabiara doaz, eta Saudi Arabiak arma horiek Yemen erasotzeko erabiltzen ditu. “Yemengo gatazkan ikaragarrizko genozidioa egiten ari dira, eta guk zerikusi handia daukagu horretan, azken finean gu ari gara aberasten hango miseriekin. Denok dakigu armak non ekoizten diren, are gehiago, gure herrian daukagu enpresa bat armak egiten dituena”.
Azaldu dutenez, orain dela gutxira arte hilero ontzi bat irtetzen zen Bilboko portutik Saudi Arabiara armaz beteta. “Saudi Arabiak Yemen bonbardatzeko erabiltzen ditu arma horiek, eta batez ere ume eta emakumeak hiltzen ari den gerra bat da”.
Jardunaldiak. Zapatuko lehen hitzaldia Luis Arbide Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak emango du. “Yemengo gerrari eta armagintzari buruz hitz egingo du, ondoren, Bego Oleaga Emakumeok Gerraren Aurka plataformako kideak erantzukizun sozialaz jardungo du, eta euren esperientzia azaldu eta beste era bateko ikuspuntua emango diote gaiari”.
Bestalde, orain dela hilabete eta erdi estreinatu zuten Bilbon Euskal Herriko enpresa eta erakundeek armagintzan dituzten inbertsio eta interes ekonomikoak agerian uzten dituen Gerra hemen hasten da dokumentala, eta orain, herriz herriko aurkezpenak egiten ari dira. Joseba Sanz bizkaitarrak zuzendu du filma, eta beraren eskutik xehetasun guztiak ezagutzeko aukera egongo da domekan. “Dokumentala momentu honetan Colonbiako Medellin hiriko zinemaldi batean dago, eta aukeratua izan da. Mundu mailan zabalpena ematen ari dira, eta arrakasta izaten ari da”.