Mutrikun hiru enpresa berriren sorreran lagundu du Debegesak
Debegesa Garapen Agentziako enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak iaz 17 enpresa berri sortzen lagundu zuen Debabarrenean, horietatik hiru Mutrikun izan dira. “Negozio berri hauek, orain artean, 61 lanpostu sortu dituzte. Azken datu hau aurreko urteetakoa baino nabarmen hobea da, hein handi batean, iaz Debegesaren languntzarekin burutu ziren bi enpresa transmisio prozesuei esker”.
2018an, denetara, 97 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko informazio eta aholkularitza eske. Kontsulta horietatik guztietatik 22 proiekturentzat bideragarritasun plana landu zen, eta azkenik, 17 enpresa jarduera berri abiatu zituzten. Sortu diren enpresak arlo askotarikoak dira, baina zerbitzuen sektoreko enpresak nabarmentzen dira, %47arekin. “Azpimarratzeko datua da enpresa berrien artean %18 industria sektorekoak direla”.
Debegesako enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak aurrera daraman lanaren ondorioa da 17 enpresa berri horien sorrera. Ekintzaileei laguntza integrala eskaintzen die Debegesak, enpresa jarduera horien iraupena eta hazkundea bermatzeko helburuarekin. “Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskura euren enpresa proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana lantzen lagunduz, laguntza eta diru laguntzen gaineko informazioa eskainiz edota finantziazioa eskuratzeko erraztasunak erakutsiz”.