Mutrikun bizi den Tristan Crowley bakarlariaren kontzertua, Mutrikuko Gaztetxean
Emanaldia barikuan izango da, 23:00etan, eta sarrerak 3 euro balio ditu.

Jatorriz Irlandakoa da Crowley, eta han hasi zen lehen emanaldiak eskaintzen. Oro har, bere bizipenetan oinarritutako abestiak eskaintzen ditu; bere abestien letrak berak bizitako bizipenak, sentimenduak eta hausnarketak dira. “Horien guztien adierazpen poetiko eta melodikoa eskaintzen du”, diote haren zaleek. Barikuan (otsailak 22), Mutrikuko Gaztetxeko oholtzara igoko da, 23:00etan. Sarrerak 3 euro balio ditu.
Bere aitaren heriotzak inspiratuta sartu zen musikan. “Aita oso musikazalea zen”, dio berak. Abeslari bezala hasi zen, baina gerora abesti propioak egin eta aitarena zen gitarrarekin horiek interpretatzen hasi zen. “Berak egiten duen musika bere bizipenen islada da”. Bidaiari amorratua da, eta estilo eta jatorri ezberdineko musikak nahasten ditu. Musikariak dioenez, abestiak egiterakoan faktore askok eragiten diote. Baina denaren gainetik, inguruan daukana eta bizitza bera dira bere inspirazioaren iturri.
2005. urtean Euskal Herrira etorri bazen ere (gaur egun Mutrikun bizi da), urteak aurretik ere Alemanian emanaldi asko eskainitakoa da. Izan ere, ama alemana da, eta Irlandan urte batzuk egin eta gero, Alemaniara joan zen bizitzera; aita zen Irlandakoa.