Ondarroako pentsiodunak 2018ko otsailaren 26an batu ziren lehenengo bidar Alamedan, eta ordutik hona astelehenero elkarretaratzeak egiten jarraitu dute.
Urtemugaren aitzakiagaz, asteleheneko [otsailak 25] elkarretaratzea “berezia” izango dela aitortu dute Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideek. “Indarrak berreskuratzeko” ordua dela diote. Alamedan batuko dira betiko lantxerik 12:00etan.
Astero egiten duten modura, informazioa emango dute. Ohi modura, 20 minutuz elkartuko dira. Eta urtemugaren harira, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kide bat ere hurreratuko da Ondarroara. Pankarta berria ere estreinatuko dute asteleheneko elkarretaratzean.
Mobilizatzen hasi zireneko urtemugan, indartsu jarraitzen dute Alamedan batzen diren pentsiodunek. Astero 250 lagunetik gora batzen dira. Aurreko astelehenean [otsailak 18], esaterako, 280 lagun batu ziren. Astero hainbeste jende batzea “harro” egoteko modukoa eta “oso garrantzitsua” dela aitortu dute.
Pentsiodunen mugimenduen mobilizazioekin helburu gutxi batzuk lortu dituzte urtebetean, baina guztiak ez direla bete diote. Pentsio publiko eta duinak, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzen dituztenera arte, orain dela urtebete hasitako aldarrikapenei eutsiko dietela ohartarazi dute.
Gaur egungo pentsio publiko eta duinez gain, etorkizunekoak ere jokoan daudela gogorarazi dute. Horregatik, herriko gazteei ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete astez aste egiten dituzte elkarretaratzeetan.