Eskalatzaile ondarrutarrek hiru domina lortu dituzte Blokeko Euskal Herriko Txapelketan
Txapelketa nagusian ez eze, Irekian ere emaitza dotoreak lortu dituzte Aurrera Mendi Taldeko eskalatzaileek
2019ko Eskaladako Blokeko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen aurreko asteburuan Iruñeko BiHatz rokodromoan. 80 eskalatzaile batu ziren txapelketan, eta tartean, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeko hainbat eskalatzailek parte hartu zuten. Euskal Mendi Federazioak antolatu zuen txapelketa, aurten maila handiko eskalatzaileek parte hartu dutela nabarmendu dute.
Ondarrutarrek hiru domina lortu dituzte, eta maila bateko eta besteko finaletan maila ona erakutsi dute. Iñaki Arantzamendi Iruetak, esaterako, 3. postua lortu zuen gizonezkoetan absolotu mailan. Isaac Estevezen eta Ander Mendietaren atzetik sailkatu zen.
Emakumezkoen 18 urtez azpikoen mailan, 2. postua lortu zuen Izaro Azkue Burgoak. 58 puntu eskuratu zituen, Aitziber Urrutia irabazleak baino hiru gutxiago. Jaitz Julian Alkorta ondarrutarra ere finalera ailegatu zen, 4. postua eskuratuz. Gizonezkoen 18 urtez azpikoen mailan, berriz, Haitz Gisasola Zabalak 3. postua eskuratu zuen, Martzel Vicarioren eta Mikel Cuerdaren atzetik.
Euskal Mendi Federazioak antolatuta, gainera, Euskal Herriko Irekia ere jokatu zen. Manex Iñurrategi Lasagabaster finalera ailegatu zen gizonezkoen 16 urte azpikoen mailan. 4. postua eskuratu zuen Iñurrategik. Gizonezkoetan nagusi mailan, berriz, Jon Frakak 10. postua lortu zuen. Matixa Collazo eta Iker Gomez, bestalde, 16 urte azpiko mailan ere polito aritu ziren. “Ekinean aritu ziren blokeak egiteko”.