Oñati eta Mariaren Bihotza abesbatzen doinuekin hasi da Musika Hilabetea Mutrikun
Santa Katalina komentua ia guztiz bete da. Martxoaren 16an Easo Eskolania eta Easko Gazte abesbatzek eskainiko dute kontzertua, 20:00etan, parrokian.
Gipuzkoako bi abesbatzek batera eskaini duten kontzertuagaz hasi da apirilaren 13ra arte luzatuko den Musika Hilabetea. Lehenengo kontzertua Santa Katalina komentuan izan da, eta emanaldi musikalek Mutrikun edukitzen duten arrakasta berretsi da; komentua ia bete-bete egin da.
Hurrengo kontzertua martxoaren 16an izango da. Orduan Easo Eskolania eta Easko Gazte abesbatzek eskainiko dute kontzertua, 20:00etan, parrokian.
Martxoaren 23an piano (Ignacio Arakistain) eta organo (Peio Irigoien) kontzertua egongo da parrokian baita ere (20:00etan). Mutrikuko Musika Bandak martxoaren 30ean eskainiko du emanaldia (Udabarriko kontzertua), 19:00etan, Xirigunean. Azken kontzertu horrek ere jendetza batuko duela aurreikusten da. Euria egingo balu, herriko musikariek saioa Santa Katalina komentuan eskainiko lukete. Musika Hilabeteko azken saioak pianoa lau eskutara jota entzuteko aukera eskainiko du (apirilak 13, 20:00etan, Santa Katalina komentuan).

