Nahia Quincocesek Munduko Koparen sailkapen taulako lehen postura arte salto egitea lortu du
Munduko Koparen laugarren jardunaldian lortu dituen hiru garaipenei esker, mendi eskiatzaile mendexarrak nabarmen gora egin du sailkapen taulan
Nahia Quincoces Altuna mendi eskiatzaile mendexarra podiumaren gorenera igo zen berriz ere barikuan [otsailak 22]. Izan ere, esprint lasterketa ere nagusitasun osoz irabazi zuen. Lehenengo postua lortu zuen Na Zhang txinatarraren aurretik. 04.31 behar izan zuen proba amaitzeko, aurkariak baino 2 minutu eta 4 segundo gutxiago.
Mendi eskiatzaile mendexarra bestelakoan pozik bueltatu da Txinatik. “Sekulako esperientzia izan da”. Txinan jokatu den Munduko Kopako laugarren jardunaldiko hiru urrezko dominei esker Munduko Koparen sailkapen taularen lehen postura arte igotzea lortu du behin-behinean. Zehatz esanda, bost postu gora egin ditu. Sailkapen taulan behin-behinean lehenengoa izatea pozgarria dela azpimarratu du. “Duela aste batzuk nork esango zidan lehen postuan egongo nintzela. Hiru garaipen lortu ditut, eta garaipen horiei esker Munduko Kopako sailkapen taulan hainbat postu gora egiteko aukera eduki dut”.
Era berean, gorengoko postuetan ibiltzen direnak Txinan ez egotea ere “abantaila” izan dela aitortu du. Munduko Txapelketa bi aste barru izango denez, gorengoko postuetan lehiatzen ari diren emakume askok Txinako jardunaldira ez aurkeztea erabaki dutela esan du Quincocesek. “Nire ustez, Munduko Txapelketarako indarrak gordetzea erabaki dute edo, bestela, ezin izan dute Txinararaino joan. Egia esan, nire aurkari nagusiek hori egingo zutenik ez nekien “.
Martxoaren 10etik 16era, berriz, Munduko Txapelketa jokatuko da Villars-sur-Ollonen (Suitza). Quincocesek aurreratu duenez, bost probetatik hirutan parte hartuko du. Martxoaren 12an, lasterketa bertikalean parte hartuko du; martxoaren 14an, banakako lasterketan eta martxoaren 16an, txandakako lasterketan. Ziurrenik Marta Garcia eta Claudia Galiciagaz osatuko du hirukotea. Munduko Txapelketako probak buru-belarri prestatzen hasiko da egunotan.