Pentsiodunek borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute
Urtebetean, besteak beste, pentsioak %3 igotzea edo gutxiengo soldata 900 euroraino igotzea lortu dutela azpimarratu dute. Baina borrokan jarraituko dutela esan dute, oraindik ere lortzeko asko geldintzen delako.
Martitzenean urtebete beteko da Ondarroako pentsiodunek protestak hasi zituztenetik. Eta horren harira, elkarretaratze berezia egin dute gaur eguerdian, Alamedan. Urtebetean hainbeste herritan astero-astero egindako mobilizazioei esker hainbat lorpen eskuratu dituztela nabarmendu dute pentsiodunek, baina aurrerantzean ere borrokan jarraitzeko deia egin dute. Izan ere, oraindik ere asko gelditzen da lortzeko.
Ondarroako Pentsionistak Martxanekoek 12:00ak puntuan zabaldu dute pankarta berria Alamedan, eta, ohi modura, informazio saioa egin zuten. Duela urtebete zelan zeuden, gaur egun zelan dauden eta etorkizunera begira zer bete behar duten errepasatzen hasi zuten saioa, hain zuzen.
Urtebetean, besteak beste, pentsioak %3 igotzea edo gutxiengo soldata 900 euroraino igotzea lortu dute. Agertu dutenez, urtebetean ez dira lortu eskaera guztiak, baina urtebetean aurrerapauso handiak eta esanguratsuak eman dituztela azpimarratu dute. «Gure borrokak gutxi badirudi ere bagoaz gauzak lortzen. Mobilizazioei esker gauza gutxi baina garrantzitsuak lortu ditugu».
Eskaera gutxi batzuk lortu badira ere, oraindik ere asko dagoela lortzeko diote. «Ez bagara mugitzen ez dugu ezer lortuko». Besteak beste, pentsio duinak bermatuko dituen kalitatezko enplegua, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakala gainditzea, aberastasuna hobeto banatzea, gutxienezko pentsio duina 1.080 euro izatea eta gizarte segurantza propioa edukitzea eskatzen jarraitzen dute.
Eta helburu nagusia lortu arte borrokan jarraitzeko deia egin dute. «Hasieratik bagenekin borroka hau eta helburu hauek ez zirela beteko lehenbailen. Gure helburu nagusia lortu arte mobilizatzen jarraitu behar dugu, denon mesederako».
Xabier Isasa Bizkaiko pentsiodunen elkarteko kidea ere Ondarroan egon da gaur. Eta herriko pentsiodunek urtebetean egin duten indar erakusketa txalotzekoa dela azpimarratu du. «Hemen lortu duzuena elkartasun eta antolaketa handi bat dira». Era berean, aipamen berezia egin zien emakumeei, eta horiek ere zoriondu nahi izan ditu.
Gogorarazi duenez, aldi berean Bizkaiko beste 44 herritan ere mobilizazioak egin dituzte; horien artean, Lekeition eta Markina-Xemeinen. Mutrikun ere 12:00etan batu dira.